«Urtetik urtera, Hernaniko bezero gehiago etortzen da gure etxera»

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 23a, 01:00

Txotx denboraldia apirilean bukatuko da, baina Altzuetan azken txanpan sartu dira dagoeneko. Datorren asteazkena izango dutela azken lan eguna esan liteke, nahiz eta apirilaren 13 eta 20an ateak irekiko dituzten berriz. Gutxi gorabehera, 140 lagunentzako tokia dute eta betea dagoen egunetan, 7 lagun aritzen dira lanean. Aurten­go sagardoa, «lasaia, baina gorputzarekin eta afrutatua» dela dio Ibon Alkortak. 200.000 litro inguru egin dituzte eta hasiak dira botiletan sartzen.

Nola doa txotx denboraldia? Krisia dela eta ez dela aritzen gara beti… nabaritu al duzue?
Otsailean nabaritu genuen gehiena; batez ere, asteburuetan, ostiral eta larunbat gauetan. Aste barruan, berriz, iazko mugimendu antzekoa izan dugu. Nik uste dut, eragina izan duela Inauteriak lehenago hasi izanak eta San Sebastianak asteburuan tokatzeak. Eguraldi txarrak ere bai.

Azken urteetako joerari eusten dio, hau da, larunbat eguerditan ibiltzen da batez ere jendea?
Bai, astebukaeratan, larunbat eguerditan lehenago betetzen da agenda, ostiral eta larunbat gauetan baino. Hori bai, aldea nabaritu dugu gazteen artean. Gazte gutxiago ibili da aurten sagardotegian. Iaz hasi ginen nabaritzen eta aurten ere bide horretatik jarraitu du. Asteburuei dagokienean gertatzen da hori; aste barruan 40 urtetik gorakoak ibiltzen baitira, batez ere. Horrez gain, orain talde as­ko etortzen dira, baina txikiagoak, jende gutxiagokoak. Orain 8ko mahaiak osatzea kos­ta egiten da; lehen, 100 per­tsona osatzea errazagoa zen.

Eta nondik etorri ohi dira bezeroak?
Guk ez dugu talde oso haundiekin lan egiten eta ez dira autobusak etortzen kanpotik. Gure bezeroak, batez ere, Goierritik hasi eta Donostia­rainoko tartean dauden herrietakoak dira. Gipuzkoarrekin egiten dugu lan, batez ere. Gainera, orokorrean, Gipuz­koa kanpotik jende gutxiago dabilela aurten esango nuke, eta talde haundiekin lan egiten dutenek nabarituko zutela pentsatzen dut.

Nolako sagardoa daukazue aurten?
Oso gustora gaude. Lasai daude, baina gorputzarekin. Aroma aldetik, afrutatuak di­ra. Bodegan kontrolatuta egon dira eta analisi guztiek emai­tza oso onak eman dituzte. Orain ikusi behar da botilara sartzean, tenperaturaren eraginez-eta, mugimendu asko ez izatea. Egia esan, jendearen iritzia ere oso positiboa izan da. Hona etor­tzen direnekin inkesta bat egin ohi dugu, joku moduan eta sa­gardoa gustatu zaiela esaten digute.

Etxeko sagarrarekin moldatu zarete ala kanpotik ekarri duzue?
Kupel diferenteak ditugu eta sagardoa bertara sartzean egiten ditugu nahasketak, sagardoa borobiltzeko. Batzuk etxeko sagarrarekin bakarrik egindako sagardoak dira eta beste batzuk kanpoko sagarra dute. Baina etxeko sagarrarekin egin­­dakoak bere horretan utzi ditugu, borobilak iruditu zaiz­ki­gulako eta ez zutelako behar besterik. Bestela ez dugu mugarik kanpoko sagarra era­bil­tzeko. Behar dugunetan, Goi­e­rritik ekar­tzen dugu eta baita Frantziatik, Alemania­tik… Sagardotegiko ohiko menua daukazue, baina zuen berezitasuna bada bakailua saltsan… Bakailua pil-pilean jartzen dugula esan liteke, baina ukitu bereziarekin, patatarekin… Egia esan, arrakasta haundia izaten ari da. Bestela, betiko menua daukagu, baina saia­tzen gara haragiari garrantzia ematen. Jeneroaren gainean egoten gara beti.

Zuek, Gorenak markaren barruan zaudete. Sumatu al duzue horrek jende gehiago erakartzen duela, zuen sagardoa ezagunagoa dela?
Bai, hona etortzen den bezeroaren gehiengoak ezagutzen du Gorenak marka. Pasatako bi urte hauek balio izan dute ezagu­tzera emateko.

Aurrera begira, erronkaren bat ba al duzue Gorenakeko kideok?
Gasteizen, orain dela gutxira arte egon diren politikoek, trabak jarri izan dizkigute gure lanean, gure proiektuak aurrera ateratzeko garaian eta hori normalizatzea bada gure helburuen artean, lehenengo pausoa. Guk lanean jarraituko dugu eta martxan jarri ditugun proiektuei ere eutsiko diegu; esaterako, Donostiako Aste Nagusian berriz egongo gara, oso eran­tzun ona izan baitzuen. Horrez gain, lehenengo aldiz martxan jarri da mahai tekniko bat Fraisoro Labora­te­giaren eskutik eta bertan, sagardoek azterketa organoleptikoak pasako dituzte. Go­re­nak barruan dauden 13 sa­gardotegiek azterketa hori pa­sa beharko dute sagardoa botilan sartzeko eta kontsumidoreek kalitate garantia izan­go dute. Hau apustu haun­dia da. Gorenaken helburu nagusia beti izan da sagarra eta sagardoaren kalitatea.

Zerbait gehiago esan nahiko zenuke?
Urtetik urtera, Hernaniko bezero gehiago etortzen ari da gure etxera eta hori polita eta garrantzitsua da. Egiten dugun lana estimatzen du bertako jendeak eta eskerrak eman nahi ditugu. Horri lotuta, azken orduan leku bila etortzen diren herrikoei ezetz esatea ez da gure gustokoa eta amorrua ematen digu, baina lekurik ez dugunean, ezin dugu ezer egin. Horrez gain, datorren urtean egoera hobetzea espero dut, pena baita gazteak sagardotegietara ezin etorri geratzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!