Atzo egon ziren eguna eta gaua parez pare. Udaberriko ekinozioa, alegia. Eguerdiko 12:02etan sartu ginen udaberrian. 92 egun eta 18 ordu iraungo ditu eta ekainaren 21ean bukatuko da, udarari erreleboa emanaz. Sasoi honetan esnatzen da lurra. Zuhaitzak loretan hasiak dira, txoriak ere bai kantuan... birigarroak, txantxangorriak, zozoak... (zozoa kantuan ikusi eta entzuteko, beheraxeago). Tenperatura hotzak, elur kontuak eta euriak atzean utziko ditugu eta udaberri goxoari emango diogu bide. Tenporek hala iragarri dutela dio Pello Zabala eguraldi gizonak: «Haizea goxo-goxo joan da. Tenpora egunetako haizea ekialdetik sartu da; ez da egon ez hegoalderik ez mendebalderik. Ondorioz, suabe joango dela uste dut». Aste Santuan «koxkaren bat» egon daitekeela gaineratu du, baina ez dela askorik okertuko. Askoren ustez, negua gogorra izan bada ere, Zabalak dio ez dela hainbesterainokoa izan: «Negua ez da hain gogorra izan eta ondorioz, udaberria aurreratu egin da. Sahatsak, esaterako, aspaldi hasi ziren loretan».
42 urtetan, neguan izan den euri gehiena
Negu gogorra edo ez, argi dagoena da, azken urteetako euritsuena izan dela. Añarbeko datuen arabera, negurik euritsuena izan da Añarbe dagoenetik (42 urte). Eta urtarrilean eta otsailean errekorrak lortu ziren. Urtarrilean, euria, 557 l/m2ko egin zuen eta otsailean 384 l/m2ko; bien artean, 941 l/m2ko. Datuak bi hilabeteka kontuan hartuta, kopuru hori haustea, 1974ko urria eta azaroan bakarrik lortu izan da. Orduan, 1.280 l/m2ko bildu zituzten.
Martxoa berriz, hilabete normala izaten ari da, euriari dagokionez. Martxoaren 17ra arte bildutako datuen arabera, 84,2 l/m2ko bildu dira eta hilabete osoan, batez beste, 182 l/m2ra heltzen da datua.
Hiru eklipse eta planetak ikusteko aukera
Udaberri honetan, hiru eklipse izango dira. Bi, ilargi eklipseak izango dira eta horiek ikusteko aukera izango da. Bestea eguzkiarena izango da, baina ez da ikusteko aukerarik izango Hernanitik, ez Euskal Herritik.
Bestalde, planetak ikusteko garai ona izango da hasi berri dugun udaberri hau.
Horrez gain, kontuan izan beharko dugu, ordu aldaketa. Ohi bezala, martxoko azken igandean, hau da, martxoaren 31n, ordu aldaketa izango da. Goizaleko 02:00etan, 03:00ak izango dira