Gure arbasoen lurretara buelta bat, abentura zaleenentzat

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 21a, 01:00

Oraingo honetan, freerider edo markatu gabeko ibilbide bat egiteko informazioa duzu eskuartean. Larregain ibilbidea egiteko informazioa, hain zuzen. Ibilbide hau, Herna­niko Udalak, Mendiriz Men­dik eta Aranzadik elkarlanean osatutako Ibilbide Sarea­ren parte da. 11 ibilbide dau­de denera, eta Kronikak proposatutako hirugarrena da honakoa. Aurretik atera dira, Uso­kori bira eta Sagar­dotegiak.

Akola eta Larregaineko artamugarriak
 Ibilbide interesgarri bezain eder honek, zailtasun txikiko bide bat eginez, Hernaniko hainbat trikuharri eta artamugarri ikusteko aukera ematen du. Era berean, bista ederrez gozatzeko aukera ere badago. Artamugarriak (A), Uru­mea­ko bailaran hain ohikoak diren sarobeen erdialdea adierazten duten harriak dira. Gune hauen jatorria oraindik ere zalantzazkoa den arren, aintzina, basogintza lurretan, gune `libre´ garrantzitsu bat zirela uste da. Ibilbide honetatik gertu, bi artamugarri ikusi ditzakegu: Akolakoa eta Larregaingoa. Akolako artamugarria, gure ibilbidetik kanpo, Akola baserriko lurretan dago kokatua eta oraindik ere ondo kontserbatuta dago. Larregaingoa, berriz, ibilbidetik nahiko aparte, Larregain sagardotegiaren inguruetan kokatuta dago, aurkitzeko zaila den gunean.

Igoin-Akola estazio megalitikoa
Hernani, Astigarraga eta Do­nostiako lurretan zabaltzen da Igoin-Akola estazio megalitikoa (B) eta Hernaniko udalerriak 7 trikuharri ditu. Hoberen kon­tserbatuta dagoen trikuharria Saratsetako lepoko trikuharria da. Multzo Monumen­talaren kategoriarekin, Kultur Onda­sun gisa izendatua dago.

Balizatu gabeko ibilbidea
Ibilbide hau ez dago balizatua. Bidean zehar aurkituko ditugun markak beste ibilbideenak dira. Batzuetan, gure bideak bat egingo du markekin, baina besteetan, ez. Horregatik, adi egon beharko dugu eta hemen azaltzen dugun deskribapenari arreta jarri beharko diogu. Kontuan hartzekoa da ehiza garaian Akola-Igoin mendi lerroan harreta haundiz ibili beharko dugula ehiza-postuetatik gertu pasatzerakoan.

Ibilbidea PDF formatuan: www.kronika.net

Ibilbidearen nondik-norakoak

Ibilbideak 3,7 km ditu, ordu betean egiten da, eta 192 metroko desnibela du. Zailtasun txikiko ibilbidea da. Inguruko sagardotegietara doan jendearentzat bazkal edo afal aurreko txango bikaina izan daiteke. 

0.- 0km - 0h 0m - Larregain: Bidegurutzean metalezko hesi bat gurutzatu eta ekialdera doan pis­ta hartu beharko dugu. Langatik 50 metrora arditegi bat aurkituko dugu gure eskubian. Arditegiaren egurrezko hesia bukatzen denean, pista utzi beharko dugu eskubira hartuz. Hesia zeharkatzeko egina dagoen igarobide batetik pasa eta haritz amerikarrez osatutako baso batez gerizpean sartuko gara. Bertan, pixkanaka gora egiten duen bidea aurkituko dugu. Bide honetatik jarraituz, basotik aterako gara eta segituan, abereek edateko erabiltzen duten uraska batekin egingo dugu topo gure ezkerretara. Puntu honetatik, bidea linea elektriko baten azpitik pasatzen da eta gure eskubian dagoen mendiaren magaletik zuzen, gora egiten du. Bideak, eskubira egiten du buelta, magalaren erdialdean. Minutu gutxian lepora iritsiko gara.

1.- 1,1km - 0h 25m - Saratse­tako lepoa: Behin lepoan gaudela, aldapa gora egin beharko dugu oraindik. Pixkanaka aldapa gora eginez, mendiaren bizkarretik, harizti eder baten azpialdean ezkutatzen den mendiaren puntara iritsiko gara. Generaman norantza berean, oraingoan behera eginez, bideak beste lepo batera eramango gaitu.

2.- 1,8km - 0h 38m - Akolako lepoa: Lepora iritsita, eskubira egin beharko dugu alanbre-hesiz inguratutako baso misto baten ertzetik ibiliaz. Metro gutxira, zeharkako bidea aurkituko dugu. Eskubira joko dugu bide honetan eta tranpa kanadar bat pasako dugu segituan. Minutu gutxira, bes­te tranpa bat zeharkatuko du­gu. Honela, gure ezkerretara da­goen Akolako atsedenlekura iritsiko gara. Pista jarraituz, Akolako aparkalekura iritsiko gara.

3.- 2,8km - 0h 48m - Akolako aparkalekua: Hemendik, aurreraka doan zementuzko pista hartuko dugu. Geroago topatuko dugun bidegurutze bakarrean, eskubiko bidea hartuko dugu, Larregain sagardotegira iritsi arte.

Nondik hasi?
Hasierako puntua Larregain sagardotegi ondoko bidegurutzean kokatzen da. Haraino heltzeko, Hernani eta Goizueta elkartzen duen GI-3410 errepidea hartu eta 4garren kilometrotik gorantz ateratzen den bide asfaltatua jarraitu beharko dugu, 1,5 kilometrotara lepo batera heldu arte, sagardotegiaren inguruan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!