Europak gaur erabaki dezake Parot Doktrina legezkoa den, eta horrek Hernaniko bost presori eragingo die

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 20a, 01:00

Bost preso hauek daukate Parot Doktrina aplikatua: Pakito Lujanbio, Inma Noble, Jose Javier Zabaleta ‘Baldo’, Asier Ormazabal eta Kepa Pikabea. Mobilizazioak deituta daude gaur Hernanin. LABek deituta kontzentrazioa, 12:00etan, Udaletxe aurrean. Herrirak deituta, manifestazioa, 20:00etan, Plazatik.

Europako Giza Eskubi­deen Epaitegiak gaur erabaki dezake Parot Doktrina legezkoa den edo ez. Horrek hainbat eta hainbat preso jarri ditu Europara begira, erabakiak beren egoera erabat irauli baitezake; Hernanin bost dira Parot Doktrina aplikatu zaien presoak.

Ines del Rio presoaren kasua berraztertzen hasi
Europak gaur berriz aztertuko du Ines del Rio presoaren kasua, eta horrek eragin du sekulako ikusmina. Izan ere, 2012ko uztailean Europak Ines del Rioren kasua aztertu zuen, eta bertan esan zuen Parot Doktrinak ez zuela betetzen Europako Giza Es­ku­bideen Hitzarme­na. Espai­niak errekurtsoa jarri zuen, eta gaur Europak berraztertu egingo behar du kasua. Alegia, 2012ko erabaki bera hartzen badu, Parot Doktrina berez atzera bota beharko luke Espainiako Gobernuak. Horrek esan nahi luke, ia 80 presori eragingo liokeela erabakiak, eta horietatik 54 presok zuzenean kalera atera beharko luketela.

Erabakia gaur, edo
hemendik egun batzutara

Berez gaur berraztertu beharreko kasua da, baina epaitegiak egunak pasa ditzake erabakia hartzen.

Ikusgai dago, Espainiak zer erabakiko duen
Espainiako Gobernuak berez onartu egin beharko luke Europako Epaitegiaren esa­na, eta hori horrela balitz, Pakito Lujanbio eta Inma Noble hernaniarrak kalera atera beharko lukete. Baina ikusgai dago Espainiak zer egingo duen. Hernaniko gainerako hiru presoek oraindik kartzelan segi beharko lukete, kondenaren hiru laurdenak betetzeko dituztelako. Horiek dira: Jose Javier Za­baleta Baldo, Asier Orma­za­bal, eta Kepa Pikabea.

Udalak dei egin du gaurko
manifestaziora joateko

Bi protesta ekitaldi izango dira gaur Hernanin, Parot Dok­trinaren kontra. Eguer­di­ko 12:00etan, kontzentrazioa izango da Udaletxe au­rrean, LABek deituta: Pakito, Inma, Baldo, Orma askatu. 197/2006 doktrina eten!! Arratsaldeko 20:00etan, ma­ni­festazioa deitu du Herri­rak, «bizi arteko espetxe zi­gorraren kontra». Gudarien plazatik abiatuko da manifestazioa. Hernaniko Udalak ere dei egin du arratsaldeko manifestaziora azaltzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!