Gazte Danbada egingo da lau egunez, Ernai talde berria sortu dela ospatzeko. Martxoaren 29tik apirilaren 1era festa haundia dago prestatua, Urduñan. Denetik izango da: tailerrak, hitzaldiak, mahainguruak, antzerkiak, kale animazioa eta kontzertuak. Ostiral arte daude salgai bonoak, lau egunetarako, Garinen, 45 euroan. Autobus txartelak ere Garinen eskuratu litezke, 20 euroan (diru hau errekuperatu liteke, emandako errifak salduz gero, dirua norberarentzat baita). Egun bakarrerako txartelak internet bidez lortu litezke: Gaztedanbada.net.
Ernai taldea jaio da, Ezker Abertzaleko gazte taldea
Martxoaren 2an aurkeztu zuten Ernai taldea, Lizarran, Ezker Abertzaleko gazte antolakundea, eta hori ospatzeko egingo dute Gazte Danbada Urduñan. Euskal Herria aske, sozialista eta feminista lortu nahi du Ernaik, eta Kronikara bidalitako prentsa oharrean dioenez, «panorama beltza da, gure gurasoek borrokaz irabazitako eskubideak, krisiaren aitzakipean suntsitzen ari baitira. Baina Ernai gaude eta ez gaituzte lo harrapatuko!».
Ernai hitzarekin jarrera bat adierazi nahi duela dio gazte talde berriak: «Sistema bere tresna guztiekin behin eta berriz saiatzen da errealitate gordina makilatzen, eta irabazteko adi egotea ezinbestekoa da». Lan horretan, jarrera hori zabaldu nahi du Ernai taldeak. «Udaberria bezala, gure koloreak zabaldu nahi ditugu: antolakuntzaren urdina, independentziaren berdea, feminismoaren morea eta sozialismoaren gorria».
Eztabaida luzea eta gero sortu den taldea
Eztabaida aspaldi hasi zen, Gazte Zukgua izenekoa, eta hortik sortu da Ernai. Prozesu horretan hainbat ideia azpimarratu omen dira. «Behin eta berriz errepikatu dugu burujabetzaren kontzeptua. Burujabetza ukatzen digute bizitzaren arlo askotan, eta horren adibide dira: Estatuak, Lanbide, unibertsitate programak, helduen botereak edo lan baldintza prekarioak».
Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira ekartzea ere Ernairen helburuetan dago, eta gazte auziperatuei beren babesa ere eman nahi die.
Munduko beste gazte erakundeekin harremanetan jarri nahi du Ernaik, «indarrak batuta lortuko dugu sistema ustel eta zapaltzaile hau bukatzeko uholdea sortzea».