Mandazubitik Martindegira, eman euskera elkarri!

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 18a, 01:00

2.587 kilometro egingo ditu aurten Korrikak, Andoaindik Baionara. Nafarroako herrietatik barrena dabil testigua momentu honetan, eta Her­nanira ia Euskal Herri osoa igaro ondoren iritsiko da. Pre­bisioek diotenez, 18:48­etan sartuko da Korrika Her­nanin larunbatean. Urnietatik dator, eta Man­­dazubitik barrena iritsiko da herrira. Kaxkoa, Flo­ri­da, An­tziola, Latsunbe eta Li­zeaga auzoetan barrena ibiliko da besteak beste, eta Astiga­rragarako norantza, Martin­de­gitik barrena hartuko du. Eman euskara elkarri! da aurtengo lema, urte guzti hauetan AEKko ikasle izan diren guztiak omendu nahi baititu Korrikak. Hernanin hauek eta ehundaka herritarrek egingo dute bat larunbatean, testiguaren atzetik Korrika. Larunbata izaki, eta arratsaldez pasatzen dela aprobetxatuta, egun osoko festa antolatu dute gainera.

Goizetik arratsera, euskeraren alde
 Herriko talde eta elkarte ezberdinek antolatu dituzte Korrika eguneko ekitaldiak, herria girotzeko intentzioarekin. Gazte Txokoak goizeko 11:00etan gazteentzako gunea jarriko du Biterin. Ma­rrazki lehiaketa, txapak egite­ko aukera, punteria jolasak... etab izango dira bertan, besteak beste. Ordu berean, pelota partiduak jokatuko dira Tilosetan, Pelota Elkar­teak antolatuta. Banaiz Ba­gara eta Kalez Kale kantari elkar­tekoek kantu jira egingo dute 12:00etan, kaleetan barrena. Bazkarirako txartelak erosteko azken eguna, gaur Eguerdiko 14:00etan bazkaria antolatu dute. Menua: pae­lla, oilaskoa, gazta eta kafea; edateko, Elutxetako sa­gardoa barrikotean; prezioa, 12 euro. Txartelak besteak beste, AEKn daude salgai eta gaur da erosteko azken eguna.

Ikasleei omenaldia, Korrika pasa aurretik
Aipatu bezala, AEKko ikasleak dira aurtengo omenduak. Hernaniko ikasleek eu­ren omenaldi partikularra 18:15­etan jasoko dute, Txan­txillako errotondan. Eta handik gutxira, 18:48ak aldera iritsiko da Korrika Herna­nira. Pasa ostean, festak segida izango du. San Joan Konpar­tsak erromeria antolatu du 20:00etan, Plaza Berrin.

Auzoetan ere, ekintzak
Herrigunean bakarrik ez, Orkolaga eta Martindegi au­zoetan ere, antolatu dituzte Korrikaren aldeko ekitaldiak. Orkolagan haur jolasak, talo tailerra, toka txapelketa, bazkaria eta kontzertuak izango dira, iluntzera bitartean. Martindegin, haur eta gazte­txoentzat jolasak, Korrika pasa bitartean.

Igandean Baionan, bukaera
Astigarragatik Donostiarako bidea hartuko du Korrikak larunbatean. Iparraldera igan­­­dean iritsiko da, Hen­daiatik barrena, Baionara. 12:30ak aldera bukatuko da; eta ondoren, ospakizunetarako nahikoa ekitaldi antolatu dituzte.

Ume eta gazteen txanda, ostiralean

Haurtzaindegi, ikastola eta institutuko ikasleek ostiralean egingo dute euskeraren alde Korrika. 10:00­etan, Mikroko­rrika antolatu dute txi­kienekin, haurreskolan. 11:00­etan Meabetik aterako da ikastoletako gaztetxoen korrika, eta Pla­zarako bidea egingo dute, herria zeharkatuz. Eta institutuko gazteek 12:30­etan egingo dute Korrika, Agus­tin Iturriagatik Plazara baita ere. Bukaeran, zunba dantzatuko dute, guztiek elkarrekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!