«Aurreiritziak bai, baina jarrera arrazista nabarmenik ez dugu izan Hernanin»

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 17a, 01:00

Duela 10 urte sortu zen Amher elkartea. Damian Pedrosa eta Felix Etxeberria sorreratik dira bertako partaide, eta geroxeago hasi dira Tomas Elorza, Lucia Arias eta Sandra Cuervo.
«2003an hitzaldi bat eman zuen Hernanin Victoria Men­doza psikoterapeutak inmigrazioaren egoeraren inguruan, eta hitzaldi horretan elkartu ginen batzuk pentsatu genuen: `zerbait egin behar dugu´. Eta hala hasi ginen, noizbehinka Biterin elkar­tzen», azaldu dute Felix Etxe­berriak eta Damian Pedro­sak. «Ostiraletan egiten genituen bilerak Biterin, iluntzeko 20:00etan! Gero, Gaymurren elkartzen hasi ginen, maixuen eskola zaharrean, eta beranduago, Iturritxon, La­tsun­beko soziedadean».

Biteritik Transpakarrera
Ordutik hona aldaketak bizi izan dituzte. Gaur egun, adibidez, lokal finko bat dute, Transpakarren (Latsunbe au­zoan, parke botanikoaren on­doan), eta pertsona bat lanean aritzen da, lanaldi erdian, aholkularitza lanetan.
«Elkartea sortu genuenean lehenengo lana izan zen definitzea zer egin nahi genuen», diote taldekideek. «Asko kosta zaigun zerbait izan da hori. Izan ere, askotan frustrazioari egin behar izan diogu aurre. Amherrera etortzen zenak pentsatzen zuen guk bilatuko geniola lana, etxea... Ondo mugatu behar izan dugu gure ahalmena noraino iristen den».
Baina gaur egun, funtzio hori betetzeko gai ere badira Amherren. Izan ere 2007an elkarlanerako hitzarmen bat sinatu zuten Hernaniko Uda­larekin. «Horri esker, le­he­nengo ofizina finkoa lortu genuen, hemen, Trans­pa­ka­rren; eta lanaldi erdiz ariko zen idazkari eta aholkulari bat izatea ere lortu genuen». Alexandra Amelian errumaniarra hasi zen lan horretan, 2007an; Ane Iturbek jarraitu zuen gero, 2008an; eta Lucia Arias, egungo aholkularia, hasi zen 2010ean.
«Orain aholkularitza lana ere egiten dugu. Jendea elkarrizketatuta, beren egoeraz jabetzen gara, eta behar den tokira bideratzen ditugu», azaltzen du Lucia Ariasek. Batetik, beste herrialdeetatik datozen pertsonei ahokulari­tza zerbitzua eskaintzen die­te: tramitazioak eta peperak arauen arabera betetzen lagundu, etxebizitza eskubidea bermatu, baldintza duinezko eta legeen araberako lanak zein diren azaldu, zein eskubide dituzten argitu... Arlo afektiboan ere egiten dute lan, hemengo pertsonen eta etorkinen kolektiboaren artean elkarrizketa eremuak eta harremanak sortuz. Azkenik, arlo politikoan ere eragiten du Amherrek, hiritartasun osoa ideiaren inguruan. Hau da, Amherrek aldarrikatzen du etorkinen parte-hartzea, sorterria kontuan hartu gabe; etorkinek eta bertako pertsonek eskubide nahiz betebehar berdinak izan behar dituztela, alegia.

Etorkin kopurua, behera
Amher sortu zenetik ordea, gauzak dezente aldatu dira. «Hasi ginenean 600 etorkin inguru izango ziren Herna­nin, eta gaur egun, bikoitza dira. Hala ere, estatu espainiarreko indizeekin alderatuta, oso txikia da Euskal He­rrian dagoen etorkin kopurua, eta behera egiten ari da gainera, krisia dela-eta».
Taldeko kideen esanetan, «Ekuador eta Perukoak izanten ziren etorkin gehienak, eta gero, pixkanaka, afrikarrak ere hasi ziren etortzen, Magrebetik eta... Hala ere, beti egon da ezkutuko beste inmigrazio bat, estatu es­pai­niarretik etorritakoa, edo por­tugaldarrak...».
Pasa berri den 2012 urteko datuak darabiltza Amherrek orain. «Guztira, 400 kontsulta  jaso ditugu, eta horietatik 100 berriak izan dira; 63 emakumeak eta 37 gizonak. Nazioei erreparatuz gero, Honduras eta Nikaraguakoak izan dira gehienak, eta gero, Maro­ko­koak. Baina tartean dira baita ere, Ghana, Peru, Senegal, Ekuador, Nigeria, Algeria, Argentina, Sahara, Errusia, Kuba eta Uzbekistan. Topi­koen kontra, etorkinen %80-90 daude erregularizatuta».
Baina krisiak egoera aldatu du. Amherren 10garren urteurrena dela-eta, inmigrazioaren inguruko hitzaldi bat eman zuen otsailan Agustin Unzurrunzaga, SOS Arraza­keriako kideak. «INEko (Es­ta­tistiken Instituto Naziona­la) datuen arabera, 2012ko lehenengo 9 hilabetetan 8.170 pertsona atera dira Gipuz­koatik beste herrialde batzuetara, eta sartu berriz, 4.532 egin dira. Horrek negatiboan uzten du inmigrazio-emigrazio saldoa, baina estatu espainiarretik datorrena kontuan hartuta, positiboan gera­tzen da». Lucia Ariasek aholkularitza zerbitzua eskatzera etor­tzen zaizkionen ahotik en­tzun du: «nire herrialdean dudan zorra edukiko ez ba­nu, itzuli egingo nintzateke». Gehienak itzultzen ari dira.

«Tolerantzia indizea jaisten ari da»
Krisiak beste modu batean ere eragiten die etorkinei. Amherreko kideen esanetan, «aurreiritziak bai, baina jarrera arrazista nabarmenik ez dugu izan Hernanin. Antola­tzen ditugun ekitaldietara gertu­ratzen den jende kopurua ikusi besterik ez dago; jaialdi gastronomikoan, bereziki! IKUSPEGI, euskal inmigrazioaren behatokiaren arabera ordea, krisiaren eraginez tolerantzia indizea behera egiten ari da».
Sandra Cuervo, Amhe­rre­ko Emakume Taldeko kidearen esanetan, «etxeko-lanetan aritzen diren emakume etorkinek jasaten dituzte egoera txarrenak, baztertuenak baitira 3 alorretan: generoaren ikuspegitik, maila sozialarenetik, eta etniarenetik. Baina Hernaniko talde batzuekin, Txoko Feministarekin adibidez, elkarlanean aritzeak babesa ematen du».
Aurreiritzien aurka lan egiteko berriz, Unitate Didak­tikoa programa lantzen du­te eskoletan. «Errotzea, el arraigo, garrantzitsua da elkarbizitzarako oinarriak jartzeko. Horretan laguntzen saiatzen gara baita ere, hainbat jaialdi eta irteera antolatuta. Bizi­lagunak ekimena, adibidez, oso positiboa izan da zentzu horretan; 24 familiak egin zuten trukea Hernanin, batak bestearen etxean bazkaltzeko eta elkar ezagutzeko».   

«Etorkinak erroldatzea bermatu nahi dugu»
Aurten 10 urte betetzen ditu Amherrek. Hori horrela, urte berezia izango da aurtengoa.
Helburu berriak ere lortu nahi dituzte, eta horien artean bada bat oso berezia. «Gure helburuetako bat da Udalak protokolo bat mar­txan jartzea etorkinak erroldatzea errazteko, baita zubi azpian erroldatu behar badira ere». Izan ere, edozein laguntza lortzeko, edo erresidentzia baimena lortzeko, beharrezkoa da erroldatuta egotea. «Batzuen egoera erreala da ez dutela etxerik, baina toki berean egiten dute lo egunero. Horiek erroldatzeko aukera izan dezatela nahi dugu».
Eta laster, beste lan bati heldu beharko diotela aipa­tzen dute: «Txaboletan bizi diren errumaniarrak Herna­nin ere finkatzen ari dira; 40 txabolatik gora dago jada». 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!