Bi aldiz pentsatu gabe Errumaniara berriro joango liratekeela diote Institutuko bost ikasleek. Bi irakaslerekin joan dira, Comenius proiektuaren barruan, ingelesa praktikatzera. Proiektu honen oinarria da Europako herrialde ezberdinetako gazteak elkartzea, eta euren artean ingelesez komunikatzea. Hala ere, joaten diren herrialde bakoitzean gai bat lantzen dute, ingelesa praktikatzeko. Oraingo honetan proiektuaren helburu nagusia izan da ikasleak jendaurrean hitz egiten eta antzezten ikastea. Bidelagun, antzerkian adituak diren hiru irakasle ingeles izan dituzte.
Errumaniako familiekin izandako harremana, gogoratzekoa
Kronikari azaldu diotenez, bidaia ez zuten nahi bezain ondo hasi, maletak ez baitziren iritsi. Hala ere, esperientzia bera, ikaragarria izan dela diote: «zerbait azpimarratu beharko bagenu, zalantzarik gabe, Errumaniako familiekin bizitutako esperientzia izango litzateke. Beste kultura eta bizimodu bat ezagutzeko aukera izan dugu».
Europako beste herrialdeetatik joandako ikasleekin izandako harremana ere ez dute berehalakoan ahaztuko: «ederki moldatu gara beraiekin, eta euskaldunon ohiturak zabaltzeko aukera ere, izan dugu».