iturmendiko jentilzuloan barrena ibiltzeko aukera izan zuten atzo herritarrek. Leize edo kobazulo hori, Antziola auzoan dago, Iturmendi eta Buxkando baserrien artean eta hainbat urtez ahaztuta egon ostean, Felix Ugarte elkarteak txukundu egin du, duen garrantziaz jabetuta. Eusko Jaurlaritzaren eta Hernaniko Udalaren laguntza izan dute.
Atzo aurkeztu zuten egindako lana eta Javier Busselo elkarteko kideak azaldu zuen, bertan aurkitu ditzakegula, inguruko kareharrizko mendietan izaten diren fenomeno espeleologiko guztiak: «Aralarren, Aizkorrin edo Ernion dauden fenomenologia guztiak ditugu hemen, espazio txikiagoan eta iristeko erraza den lekuan, herrigunetik oso gertu baitago. Mendi haundi horietan gertatzen dena ikusi dezakegu hemen, mikrosistema karstiko honetan».
Kilometro erdi eskas dituen azaleran, errekak egiten duen bidea ikusi daiteke. Ura sartzen den hobi bat dago, koba fosilak daude (dagoeneko errekarik pasatzen ez direnak), koba aktiboak (erreka dutenak), dolina edo sakonune bat, putzuak, eta ura ateratzen den puntua.
239 metro luze
Felix Ugarte Elkartea, lurpeko eremuen ikerketa eta zaintzaz arduratzen da eta ikusi zuen, Hernanin zulo naturalen inguruko azterketa egiteko beharra. Hori horrela, Santa Barbara eta Iturmendi inguruko 11 zulori buruzko ikerketa egin du, Hernaniko parke karstikoa osatzeko asmoz. Horien artean, Iturmendiko jentilzuloa da haundiena eta bereziena, alde pedagogikotik aukera haundiena ematen baitu.
Kobazuloa, 239 metro luze da. Sarrera nagusiak 1,8 m ditu altueran eta 0,70 m zabaleran. Behin barrura sartuta, bi galeria zabal daude, ezker-eskuin. Bertan, txanpinoiak hazten ziren garaiko kondarrak daude. Bi muturretan, tximini bana daude kanpoaldearekin kontaktuan. Kobazuloaren desnibela, 6 metrotakoa da. Inguru karstikoa da eta Jurasikoko kareharria da nagusi. Estalagmita ugari daude bertan. Horrez gain, xaguzarrak ere topatu dituzte.
‘Txanpinoiaren kobazuloa’ izenez ere, ezaguna
Iturmendiko jentilzuloaren lehenengo aipamena 1918 urtekoa da. Gipuzkoako Geografiari buruzko argitalpenean egiten du aipamena Serapio Mugica Zufiriak. Beranduago, 1950eko Gipuzkoako Espeleologiaren Katalogoan ere zulo honi buruzko aipamena egiten da. Bertan aipatzen da, Buxkando baserriko lurretan dagoela eta bertara sartzen saiatu zirela, baina itxita zegoela ate bat tarteko. Txanpinoiak hazteko erabiltzen zutela ere aipatzen dute.
100 urtez erabili zen kobazuloa txanpinoiak hazteko eta ondorioz, Txanpinoiaren kobazuloa izenez ere ezagutzen dute inguruko bizilagun askok.
Denera, 34 tona metriko hondakin
Garbiketa lanak otsailaren 2an hasi zituzten Felix Ugarte elkarteko kideek. Sekulako lana zuten aurretik, izan ere 100 urte inguruan bertan lanean aritutakoek utzitako hondakinak zeuden. Bolumen haundiko 300 kilo hondakin atera dituzte (hozkailuak, batez ere), automozioko olio erabilia eta bateriaren bat edo beste ere bai, 620 kilo plastiko, 6.040 kilo txatarra eta 27.180 kilo eskonbro. Denera, 34 tona metriko hondakin atera dituzte.
Paretak egoera onean
Txanpinoien produkzioak kobazuloan kalteak eragin dituen arren, batez ere lurzoruan, elkartetik jakinarazi dute, baliagarria izan dela baita ere, pertsonen sarrera mugatzeko. Izan ere, kobazulora langileak bakarrik sartu izan dira. Azken urteetan, hormigoizko pareta batekin eta ate batekin itxita egon da. Ondorioz, estalagmitak nahiko egoera onean daude eta paretak ere bai; ez dute pintada edo graffitirik.
Sarrera kontrolatua, kobazuloa mantentzeko
Kobazuloa bere horretan mantentzeko, ate bat jarriko dute eta sarrera kontrolatu egingo dute. Xaguzarrentzako egokitutako atea izango da. Ugaztun hauek oso onuragarriak dira gizakientzat eta gaur egun galtzen ari dira pixkanaka. Babesa eman nahi zaie.
Beraz, sarrera itxita egongo da egunerokotasunean, baina helburua da, baimena eskatuz, bisita gidatuak egitea, bai eskola umeekin bai interesa duten guztiekin, «ikasteko asko baitago bertan».