Euskal Herrian zehar egindako grabaketak biltzen dituzte Soinumapa egitasmoan. Grabaketa horiek, herri edo toki bakoitzaren errealitateari eta izaerari buruzko informazioa ematen dute: hirietako zaratak, mendialdeko giroak, ospakizunak, gertakizunak, animaliak...
Hernanik duen soinua ere bildu dute Soinumapan. Inauterietako Axeri Dantza da Hernani ezaugarritzen duena, besteak beste. Batez ere, maxkurien kolpeek ateratzen duten soinua bildu dute. Baita txistulariek jotzen dituzten abestiak edota Axeri Dantza bukatzean egindako kalejira ere.
Grabazioak igo eta parte hartzeko aukera
Soinumapa.net egitasmo irekia da eta webgune honek, fonografia edo inguruko hotsak grabatzeko artea oinarri hartuz, soinu grabaketak erakutsi, kontsultatu edo konpartitzeko aukera ematen du.
Norbaitek parte hartu nahi izanez gero, Parte hartu atalera sartu besterik ez du edo zuzenean, azpian dagoen Gehitu grabaketa sakatu daiteke. «Belarriak ondo ireki eta Euskal Herria entzunez ezagutzera gonbidatzen zaituztegu», diote.
Hernaniri dagokionean, Axeri Dantzako grabaketez gain, beste bi ere badaude: Larrialdi sirenak eta Kitarrajolea aldiriko trenean.