«Musikari, lehen, berorika egingo geniokeen; gaur egun, ez diogu hikaz ere egiten»

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 16a, 01:00

Ainara Ortega abeslari hernaniarrak, Her­nani’n Musik-eko udaberriko egitaraua irekiko du asteartean. Oraingo honetan ere, Iñaki Salvador pianojolea izango du lagun. Ortega, biolin ikasketak egin ostean, jazz bokalista gisa lizentziatu zen Donostiako Kontserbatorioan (Musikene). Ordu­tik proiektu eta emanaldi ugaritan hartu du parte; ahal dela, jazzaren bidetik. Azaro­an, Imanol Cover saria irabazi zuen Satxa Soria­zu­rekin. Txikitan nahi bezala, antzerkia ere egiten du.

‘Cine para dos (y un terron de jazz)’ izeneko emanaldia eskainiko duzue asteartean. Mito bihurtu diren hainbat pelikulen abestiak interpretatuko dituzue. Nolatan sortu duzue proiektu hau?
Izenburuaren hitz jokoa, Te para dos eta Pijama para dos filmeen bitartez bururatu zi­tzaidan, Ipar Ameriketako fil­me ezagunen izenburuetatik. Eta azukre koxkorrarena, behar­bada, Mary Poppins pelikulatik etorriko zitzaidan, nere bizitzan gehien ikusi dudan filmea, zalantza izpirik gabe! Duela hilabete batzuk jarri genuen martxan, Bilboko Bi­debarrieta Kulturguneko zinema ziklo baten aitzakia zela eta. Berehala konturatu ginen, jazz musika ikasi eta jorratzen dugun musikariok ahotan eta instrumentuetan darabiltzagun doinu asko eta asko pelikuletakoak direla. Beraz, lanari gogoz ekin genion. Broadwayko musikalen inguruan ibiliko gara, baina baita berriagoak diren filmeetan barrena ere. Eta asteartean sorpresak izango dira.

Iñaki Salvador zure irakaslea izan zen eta gerora emanaldi eta proiektu ugaritan aritu zarete elkarrekin.
Urte mordoxka batez Te doy una cancion eskainiz ibili gi­nen. Ni Musikenen sartu baino lehen, armonia modernoko irakasle izan nuen Iña­ki. Eta zorionez, Musike­nen topo egin eta bai, hainbat proiektutarako aukeratu nau abeslari gisa; baita aktore gisa ere bere antzerki konpainian. Ezinezkoa zait beti ere eskaintzen dizkidaten aukerei ezezkoa ematea!

Beti jazzaren inguruan mugitzen saiatzen zarete, zer dute jazzak eta Iñaki Salvadorrek? Konbina­zio egokia zuretzat?
Perfektua! Noski, 16 bat urte nituela aitak bere kontzertuak ikustera eraman ninduen eta jarraitzaile sutsua izan nintzen urte asko eta askoan. Bere diskak erosi eta autografoa ere eskatu nizkion. Ozeanoko pianojolea ikustera 3 aldiz joan nintzen eta hara, bizitzaren paradoxak! Jazzaren espresiorik tradizionalena eta berritzaileenetarikoa da Iñaki, nere ustez. Pianoan Fats Wallerrekin ari naizela iruditzen zait maiz, begiak itxi eta Chick Corea­rekin askotan, Hancock edo McCoy Tynerrekin! Pertso­nal­ki ere kide ezinhobea da; umore haundikoa, langile amorratua, sentiberatasun haun­dikoa, oso apala eta jakintsua. Zorte haundikoa ni!

Kantaginjazz-en, euskal abestiak jazz moduan lantzen dituzue. Euskal kantak eta jazza, arraroa egiten da nahasketa. Jazza jotzen duten euskal taldeak badira, baina euskeraz abesten duten asko ez direla esan liteke?
Badira bai. Jazzaren kutsua eta bidetxoak esploratzen dituzten taldeak eta bakarlariak izan dira aspaldidanik gaur arte. Guk bertatik bertara dauzkagu Angel Unzu, Pascal Gaigne, Juantzo Zeberio, Amaia Zubiria, Mikel Laboa (esploratzaile nekaezina)… Nik denetan jazza entzuten dut. Jazzak 100 urteko bizitza du eta bere garapena ikusgarria izan da, bere baitan har­tzen dituen estiloak ugariak dira: swing, be bop, cool, fussion, acid, west coast... eta denak dira izugarri desberdinak. Beharbada gizarteak ez du denen berri eta bakar batekin harremantzen du, ez dakit.

Emaitza ona dela argi dago. Horren adibide, Imanol Cover saria irabazi izana. Bertan, Imanol Larzabalen abestiak jazzera moldatu zenituzten. Euskal jazza gehiago landu behar dela uste duzu?
Emaitza, egia esan, ona dela publikoak esaten digu plaza bakoitzean. Pozik eta hunkiturik irteten omen dira, eta noski, musikari batentzako hori sari ederra da. Imanol Cover sarian, Satxa Soriazu hernaniarrarekin hartu nuen parte, baina Imanolen ber­tsioak, zein beste euskal kantagilerenak egiteko inpultsua, Iñakik ku­tsatu zidan duela bi urte, Kantaginjazz egitea proposatu zidanean. Jazz musika lantzea eta ikastea gustatzen zaigunoi nahigabe ateratzen zaigu `koloretxo´ hori, errepertorioa edozein dela ere. Salvadorrek dioen bezala: «Euskal kantak erabili eta gogoratu egin behar ditugu, eguneroko kantak izan daitezela; abesteko eginak daude, gastatu, dastatu eta gozatzeko».

Orokorrean, nola ikusten duzu musika mundua? Eta euskal musika eta musikariak?
Musika egun, urte latzak bizi­tzen ari da. Nere ahizpa Joanak, lehengo batean, egoeraz duen ikuspegi antropologiko zein beldurgarri bat aipatu zidan: «Musikak aurreko belaunaldietan, mendeetan eta urteetan zuen mirespena eta garrantzia galtzen ari da akaso, gizarteak behar izango ez balu bezala, balioa galdu izan balu bezala». Lehen, musikari, berorika egingo geniokeen eta gaur egun ez diogu hikaz ere egiten. Kalean zuzeneko musika egiten ari den trikitilari, abeslari, txistulari, abesbatza, txaranga edo armonikajoleari ez diogu begiratu ere egiten! Musikak, kantariok, musikariok eta dantzazaleok etorkizun iluna daukagu; bolumen kontuetan, DJek beti bo­lumen gehiago izango baitute.

Euskadiko Musikari Elkartuak ere jarri duzue berriz martxan, hainbat euskal musikarik. Joxan Goikoetxea eta zu bertako zuzendaritzako kide zarete, gainera. Desagertu egin zen, zergatik da orain momentua berriz?
Esan bezala, musika eta musikariok une gogorrak bizitzen ari gara, esandakoengatik, batetik. Bestetik, krisi ekonomikoak estu eta larri jarri digu egoera, murrizketak bazter guztietan izaten ditugu guk ere. MAE-EME elkartea musikari guztiak batzeko lekua izatea nahi genuke, denok ahots batekin hitz egin dezagun, guri dagozkigun erabakiak eta eztabaidak gertatzen diren foro eta erakundeetan presentzia izateko. Musikaren industrian, pro­gramatzaileek, kudeatzaileek, diskografikek… osatzen duten mahaian, gure hitza falta da; azken finean, `industria´ horren lehengaia.

Musikaz gain, antzerkia ere egiten duzu.
Antzerkia txikitatik izan dut oso gogoko, 15 bat urterekin horixe izan nahi nuen, aktorea eta abeslaria. Duela egun batzuk konturatu naiz… (barrez). Hainbat eta hainbat ikastaro egin izan ditut. Bereziki clowna dut gustoko (Gabriel Chamé edo Nestor Muzorekin ikasi dut, besteak beste) eta horretan sentitzen dut nere burua eroso; Charles Chaplin maite dut-eta! Baina profesionalki, casting bat egin nuen Vaiven Produccionesekin Inalanbri­kak ikuskizuna egiteko. Per­tsonai batek txukun xamar abestea behar omen zuten. Gero, antzezlan gehiago etorri dira, irakurketa dramatizatuak, ikastaro gehiago... Une honetan, Lotsagabe ikuskizunarekin ari gara (Vaiven) eta baita Kafka eta panpina bidaiariarekin ere, (Tanttaka teatroa).

Zer ematen dizu musikak eta zer antzerkiak?
Musikak, eta dantzan egiteak, maiteminduta egoteak ematen duen egoera sortzen dit: zirrara, bertigoa, emozioak barra barra, pinpilinpauxak sabelean, algara eta negarra... Laburtuz, endorfina mordo bat! Antzerkiak, jolasa ematen dit, batik bat: psikologia, emozioa, gorputz adierazpena, askatasuna… Oso modu paraleloan bizi ditut nik.

Proiektu berriren bat ba al duzu eskuartean edo buruan?
Beti izaten ditut txoritxo asko; horixe! Une honetan buruaren eta eskuen arteko bidean da! Hau da, nere gusto gustoko errepertorioa egitea, nere gusto gustoko musikariekin. Pianojolea argi daukat nor izango den… eta besteak ere bai. Musikak an­tzerkiarekin bat egingo duela esan dezaket…

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!