Azkeneko bi asteburutan ez du partidurik jokatu Hernanik eta min hartuta zeuden jokalariak errekuperatuta, indarrez ekingo dio berriz ligari, gaur. Pozueloko Atletico de Madrid talde gogorra izango du aurkari eta jaitsiera postuetatik urruntzeko beharrezkoa duen garaipenaren bila aterako da. Norgehiagoka, 17:00etan hasiko da.
Jokalari arriskutsuenak, faltan
Madrildarrek talde gogorra dute eta oso emaitza onak lortu dituzte azken partiduetan (6garren postuan daude). Jokalari sendo eta haundiak ditu; eskarmentu haundia dutenak ere bai: Salazar, Onega, Braim, Brasca, Romanelli, Nacho Heredia, Rohrer... Dena dela, jokalari arriskutsuenak izan daitezkeenak faltan izango ditu, Portugalen aurka jokatzeko estatuko selekzioak deitu baitie: Anaya eta Canosa faltako dira, hain zuzen.
Hamaseigarren jokalaria, behar beharrezkoa
Hernanik jakinarazi duenez, hamaseigarren jokalaria behar beharrezkoa izango du; bere zalegoa. «Landare lepo bete behar dugu», egin dute dei. Bestalde, jakinarazi dute, atsedenaldian afari edo bazkari bat zozketatuko dutela Itsasburu sagardotegian, bazkide eta laguntzaileen artean.