Aurreneko pausuak ematen hasi da taldea

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 16a, 01:00

Sortu da Hernaniko Kaleratzeak Stop taldea. Aurreneko pausuak osteguneko bileran eman zituzten: aholkularitza eta antolaketa taldea sortu dituzte batetik; Udalarekin bildu dira lokala, telefonoa eta korreo elektronikoa eskatzeko; eta hurrengo hitzordua jarri dute, ostegunean, 19:00etan.

BI taldetan banatu, eta la­nean hasi; hori da epe motzera, Hernaniko Kale­ratzeak Stop taldeak duen helburua. Os­tegu­nean egin zuten bigarren bilera Biterin, eta talde gisa, aurreneko pausuak eman zituzten. 35 lagun inguru gerturatu ziren bilerara, eta saioa azalpen txiki batekin hasi zuten, aurreko bileran egon ezin izan zutenentzat laburpen modura.

Bi taldeetarako boluntarioak
Ondoren, beharrak zein diren aztertu, eta bi talde sortzea era­baki zuten: ahol­kularitza tal­dea eta antolaketa taldea. Aurreneko talderako abokatu edo jurista bolun­ta­rioak behar dituzte: «arazoen inguruan aholkuak emateko jakin egin behar da, eta ho­rretarako egokienak abokatu eta juristak dira» dio Txemak, Hernaniko ordez­kariak. Biga­rren talde­rako ere bolun­tarioak behar dituzte; hauek aurreran­tzean egingo diren kontzentrazio, deialdi, ekintza eta abarrak antolatzeaz ar­du­ratuko dira.

Hiru eskaera, Udalari
Taldeko bi kide Udalarekin bildu ziren atzo, dituzten beharren berri emateko. Lokal bat eskatu zieten, taldea elkartu eta behar dutenei asesoramentua ema­teko. Txemaren ustetan, taldea martxan jartzeko ezinbestekoa da lokala: «kasu bakoitza pribatua da, eta gurekin kontaktuan jartzen diren pertsonekin abokatu edo aholakulariek elkartu behar dute bakarrik, lekuren batean. Horrez gain, hel­burua da taldea, gu­txienez, astero elkartzea, eta horre­tarako ere, lokala behar dugu». Telefono mugikorra eta helbide elektronikoa ere es­katu dizkiote Udalari. Txe­mak dio, egun bere telefono pertsonalarekin fun­tziona­tzen dutela, eta arazoren bat duten hernaniarrek Donostia­ko taldearekin jarri behar izaten dutela harremanetan: «Hernanin tal­dea sortu bada, helburua da, gestio guztiak Hernanitik egitea. Eta norbai­tek ara­zoren bat badu, Her­naniko Kale­ratzeak Stop tal­dearekin ha­rremanetan jar­tze­ko au­kera izatea. Telefo­noa emango ba­ligute, behar bezala funtzio­natzen hasiko ginateke».

Web orria hernaniarren arazoak, datozen ekintzak... kontatzeko
Hernaniko taldearen web orria egiteko asmoa ere badute. Bertan informazio guztia aktualizatua egongo da: taldearen informazioa, kontak­tua, zein ekintza edo ekitaldi egiteko asmoa duten, gertaerak...

IRPH inpuestoari buruz hitzaldia, ostegunean
Aipatu bezala, taldeak astero biltzen jarraitzeko asmoa du. Ostegunerako, hitzaldia an­tol­atu dute Biterin. Bertan IRPH inpuestoari buruz ariko dira hizketan. Txemak dio, bankuek engainatu egiten dutela inpuesto honekin, eta hipotekak errebisatuz gero, herritar ugarik askoz gutxiago ordaindu beharko luketela. Hitzaldian azalduko dute guztia, 19:00etan.

Epaileek kaleratzeak gelditzeko eskumena izango dute
Europar Batasuneko Justizia Auztegiak ostegunean azaldu zuen ilegala eta abusiboa dela Espainiako hipoteka legea. Erabaki honek eskumena ematen die epaileei kaleratzeak bertan behera uzteko, beti ere, kontratu hipotekarioa abusiboa dela uste badute. Taldekideek ilusioarekin hartu dute notizia, baina kontuz hartu behar dela diote. Gai honen inguruan informatzeko aukera ere izango da ostegunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!