Greba hasiko dute ITVan, Aste Santu inguruan

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 15a, 01:00

URNIETAKO ITVan 56 eguneko greba deialdia deitu du enpresako ko­miteak (Irunen ere bai). Erabakia batzarrean hartu zuten langileek. Dio­tenez, 17 hilabete pasa dira ne­goziazio plataforma aurkeztu zutenetik, eta 170 egun, joan den irailean paroak egiten hasi zirenetik. Gi­puz­koako ITVen konbenioa berritzeko eskatzen dute, 2011ko abenduaren 31n utzi baitzion indarrean egoteari.

Martxoaren
25, 26 eta 27an hasi

Momentuz, aurreneko hiru greba egunak zehaztu dituzte: martxoaren 25, 26 eta 27a. Gainerakoak zehaztu ondoren, horien berri emango dutela azaldu dute.
Kronikara bidalitako oharrean diote, erabakiaren sendotasunak baduela funtsezko arrazoi bat: «langileek aldarrikapen  ugari egin dituzte konbenioa berritzeko eskatuz, eta ez dute erantzunik jaso. Akordio batera iristeko pausoak eman beharrean, okerrera goaz, helburutik geroz eta urrutiago gaude».
Langileen eskubideak urratu eta bahitzen dituztela diote oharrean, eta enpresak ez duela negoziazio mahai batean biltzeko asmorik erakusten: «Negozioa erabat errentagarria  dela badakite; hala ere, langileen eskubideak urratzen eta bahitzen jarraitzen dute. Babesik gabe, defentsarik gabe sentitzen gara. Zuzendaritzari eskatzen diogu egungo jarrera alda­tzeko, eta negoziazio mahai batean dituzten proposamenak azaltzeko. Guk akordio batera iritsi nahi dugu. Arazoari soluzioa bilatu behar diogu, eta Gipuzkoako ITV zerbitzuek normaltasun osoarekin funtzionatu behar dute, berriz ere».

2010ean, 6 hilabete greban
Arazoak ez dira berriak, eta oharrean gogoratu dute, 2010ean ere, Urnieta eta Irungo ITVak 6 hilabete egon zirela greban. Orduan eska­tzen zutena zen langileek zituzten lan balditzak testu batean biltzea.

Barkamena, erabiltzaileei
Greba edo paro deialdi guzti hauek sufritzen dituzten erabiltzaileei barkamena eskatu diete Kronikara bidalitako oharrean. Ulermena eta babesa eskatzen dute, eta konprometitzen dira zerbi­tzua ahalik eta normalen ematera, Grebarik gabeko egunetan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!