Pelikuletako abestiak, doinu bohemioak eta euskal kantak, udaberria janzteko

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 16a, 01:00

Hernani’n Musik egitasmoaren barruan, hiru emanaldi izango dira: ‘Cine para dos (y un terrón de jazz)’, ‘Elkano Browning Cream’ eta ‘Egunsentiaren kantak’. Tartean izango dira hiru hernaniar: Ainara Ortega, Joxan Goikoetxea eta Iosune Marin.

Negu gorria atzean utzi eta udaberria musikaz janzteko asmotan dator Hernani’n Musik egitasmoa. Hori ho­rre­la, datorren asteartetik maia­tzera bitarte, hiru emanaldi berezi antolatu dituzte. As­tear­tean, Cine para dos (y un te­rrón de jazz) emanaldia eskainiko dute Iñaki Salva­dor eta Ainara Ortega musikariek. Iluntzeko 20:00e­tan izango da Biterin eta sarrerak salgai daude dagoeneko, 7 euroan. Apirilaren 25ean, Elkano Browning Cream izango da entzuteko aukera eta maia­tzaren 10ean, Egunsentiaren kantak. Azken bi emanaldi horiek ere Biterin izango dira 20:00etan.

Cine para dos (y un terrón de jazz)
Iñaki Salvador pianista eta musikagileak eta Ainara Ortega abeslari hernaniarrak sortutako proiektua da. Bertan, mito bihurtu diren hainbat filmetako abestiak eta soinu bandak interpretatuko dituzte, jazzaren bidez: Casa­blanca, Té para dos, Cabaret, Gilda... Desayuno con diamantes, Doctor Zhivago, La lista de Schindler...Chaplinen musika...
Salvador pianoaz arduratuko da; Ortega, berriz, ahotsa jartzeaz, biolinaz eta klakeaz.

Eguna: Martxoak 19.
Ordua: 20:00.
Lekua: Biteri kultur etxea.
Prezioa: 7 euro.

Elkano Browning Cream - Kultura arteko Bohemia
Elkano Browning Cream erritmo jostagarri eta kutsakorren sinonimo da. Hammond organoa, gitarra eta bateriaren konbinaziotik abiatuta, mugarik gabeko soinu magnetikoa sortzen du, taldekideen izaera multikultural eta nomadaren adierazgarri.
Mikel Azpiroz musikari euskaldunak, Franck Mantegari bateriajole paristarrak eta Dave Wilkinson gitarrista eta abeslari ingelesak osatzen dute taldea.

Eguna: Apirilak 25.
Ordua: 20:00.
Lekua: Biteri kultur etxea.
Prezioa: 7 euro.

Egunsentiaren kantak - Ipar eta hego, solas eta jolas, egunsentiko kantuan
Iparraldeak eta hegoaldeak bat egin dute musikaren bidez Egun­sentiaren kantak proiektu berri honetan. Pier Paul Berzaitz xiberutarraren ekimen hau, emankizun kolektibo batean oinarritu da. Zortzi artista bilduko dira taula gainean, emanaldi honetan: Pier Paul Berzaitz, Magali Zubillaga, Estitxu Pinatxo, Erramun Martikorena, Iosune Marin, Oriol Flores, Txema Garces eta Joxan Goikoetxea.

Eguna: Maiatzak 10.
Ordua: 20:00.
Lekua: Biteri kultur etxea.
Prezioa: 7 euro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!