Claudio Caok Goiz Eguzkiko ginkgo bilobaren haziak hartu zituenetik, haren `kumeak´ hazteari ekin dio. 2000 urtean erein zuen lehenengo hazia eta ordutik 56 zuhaitz landare izan ditu. «Oso espezie zaila da erreproduzitzen. 40 hazitatik agian pare bat ateratzen zaizkizu, eta batzutan, ezer ere ez», dio Caok. Orain dela 5 urte, zuhaitz landare horietako bat aldatu zuen Udalak Atarrabiyon, Caok berak eskatuta. Metro eta erdi inguru neurtzen zuen zuhaitzak orduan eta egun 6 metro inguru badituela dio Caok. «Urtean metro inguru hazten dela kalkulatu dut». Harekin egin bezala, astelehenean, beste zuhaitz landare bat aldatu zuen Udalak, Ave Maria parkean. Goroldi enpresako langileak aritu ziren zeregin horretan, Cao eta bere emazte Seve Gonzalezen konpainian. «Orain dela bost urte orduko alkateari, Mariani eskatu nion zuhaitza Atarrabiyon aldatzeko eta baiezkoa esan zidan. Oraingoan ere Alkateari eskatu diot Ave Marian jartzeko eta arazorik ez zegoela esan zidan. Oso pozik nago».
Etxeko balkoian
Gaur egun, 28 zuhaitz landare dauzkate Caok eta Gonzalezek etxean. «Balkoi ederra daukagu eta hantxe edukitzen ditugu», diote. Caok gustoko du ginkgoak haztea eta horretan jarraitzeko asmoa dauka. «Zuhaitzak hazten jarraituko dut eta alkateari lekua eskatzen zuhaitzak aldatzeko», dio barrez. Udalak, aipatutako bi ginkgo horiez gain, beste 20 bat ere aldatuak ditu, Nere Bordan, Politenan… Orain beste batzuk igerilekuan jarriko dituzte. Eta Udalari eman bezala, Caok nahi duen edozeini ematen dizkio zuhaitz landareak. Hernaniar mordoxka badira zuhaitz landareak edo haziak hartutakoak. Eta Hernanitik kanpo ere zabaldu dira Caok hazitako zuhaitzak. Santander eta Nafarroako lagun batzuei emanak dizkie hainbat, besteak beste. «Ez dut ezer kobratzen. Nik nahi dudana da, zuhaitz horiek landatuta ikusi. Horrekin gozatzen dut», dio.
Landatu eta gero ere, zaintzen
Parkeetara eraman ondoren ere, Caok ez ditu bere `kumeak´ ahazten. Atarrabiyoko zuhaitzari dagokionean, aitortu du, urtean pare bat aldiz ongarria eramaten diola eta beharra ikusten duenetan, ura ere botatzen diola. «Beste zuhaitzen ingurua lehorra egoten da, baina nire ginkgoaren ondoan ahuntzak gustora egoteko moduan egoten da belarra», dio barrez. Ave Mariako zuhaitza ere mimo guztiarekin zaintzeko asmoa dauka.
Zuhaitz preziatua Jende askok eskatu izan dio hazia edo zuhaitz landarea, izan ere, ginkgoa oso zuhaitz preziatua da. Espezie babestua da eta sendagai moduan erabiltzen da, hau da, ezaugarri farmakologikoak ditu. Txinatik dator. Zuhaitza aldatzeko garaia orain da, otsaila ingurua. Udazkenean oso polita egoten dela diote Cao eta Gonzalezek. Bitxikeria bat ere aipatu du Goroldiko langileak. «Ginkgoa, Donostiako Gladisenea parkean ere bada eta Gipuzkoako haundiena hura dela aipatzen da, baina berez, egitan, Goiz Eguzkikoa da haundiena».