Sagardotegi, baserri eta sagarrondo artean, Urumea bazterrean

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 14a, 01:00

Hamaika ikusteko jaioak garela-eta, denak ezagutzeko 11 ibilbide aurkeztu zituzten azaroan Hernaniko Udalak, Aranzadik eta Men­diriz Mendik. Hiru motatako ibilbideak dira: ur­di­nak (denek egiteko modukoak), arrosak (homologatuak), eta moreak (freeriderrak, hau da, markatu gabekoak). Urdin batekin hasiko gara, Her­naniko paraje esanguratsuenetako batzuk ezagutzeko.

Sagardotegien ibilbidea da proposatzen den 11 ibilbideetako bat. Ibilbide erraza, bi ordutakoa, denek egiteko modukoa. Eta Hernaniko paraje esanguratsuenetako batzuk erakutsiko dizkiguna: sagardotegiak, sagarrondoak eta Urumea ibaia.

Portuan lonja, Urumean zubia, eta aurrerago, Cométe sarekoen oroigarria
Ibilbidea Portu auzoan hasten da, Lonja izeneko etxetik gertu (A). Garai batean lonja zen etxea da hau. Izan ere, Hernaniko baso eta burdinoletatik ateratzen zen egurra, ikatza eta burdina Donostiara eramateko modu bakarra, Portutik pasatzen ziren gabarrak erabiltzea zen. Aurrerago, Urumea ibaiaren (D) ertzetik pasatzen da bi­dea, eta puente kolgantea (E) iku­si daiteke; bakarra, gaur egun, azken uholdeek eraman egin baitzuten Elorrabikoa. Baina lehenago sartu zen zubi hau Hernaniko historian. 1978ko estropadak ikusteko (Her­naniko bandera), jende asko pilatu zen zubian, eta pisuaren ondorioz behera erori zen. Hainbat ikusle hil ziren. Bideari jarraituta, Herna­niko ezaugarri garrantzitsuak direnak ikusten dira: sagardotegi eta sagarrondoak (B). Bitxikeria moduan, Co­mé­te sarekoen oroigarria (D) ere ikusi daiteke bidean, Osiña­gan. Izan ere, 1939an, II. Mundu Gerran, pi­lotu britaniarrak naziengandik salbatzen lagun­tzeko Cométe sarea sortu zen. Tartean ibili ziren hainbat hernaniar ere, pilotuei Euskal Herriko Ipa­rraldetik Hegoal­dera pasatzen lagun­tzeko.

Sagarrondoak loretan, edo fruitua zintzilik
Ibilbidea maiatza bukaeran eginez gero, sagarrondoak lo­retan ikusiko ditugu, eta irailan, sagarrak zintzilik di­tuztela. Udazkenean zehar, berriz, sa­gardoa egiteko garaian, sagar usaina sumatzen da.

Ibilbidearen nondik-norakoak

l Ibilbideak 8,6 km ditu, 2 ordutan egiten da, eta 150 metroko desnibela du. Ez du zailtasun berezirik, eta mendiko bizikletaz ere egin daiteke. Gomendio bat; ura eraman, bidean ez baitago iturririk.

0. Ibilbidea Portu auzoan hasten da, Lonja izeneko etxetik gertu. Hemendik Osiñaga aldera hartu behar da.

1. Osiñagako puente kolgantea ezkerrera utzi eta aurrera segi, Loidi etxeraino. Hau ezkerrean utzi eta eskuineko bidea hartu.

2. Loidi etxea ezkerretara utzita, aurrera jarraitu, eta eskuinetara kurba egiten duen gunean bide nagusia utzi.

3. Ezkerretara aldapa gora atera­tzen den harritxintxarrezko bidea hartu eta aldapa gora jarraitu, 200 metrora bidegurutze batekin topo egin arte.

4. Eskubira jo, argindar posteen norabidean. Bidea jarraitu eta ukuilu baten pareko pinuditik pasa. Harritxintxarrezko bidea zementuzko bide bihurtzen da hemen.

5. Bidegurutzearekin topo egindakoan, eskuinaldean Oindi ikusten da. Oindiren babesean dauden etxeetarantz jo; eskubi aldera, alegia.

6. Pardiolako bidegurutzera iristean, informazio-panelen artetik, ezkerrera hartu. Txabolategi baserri ondotik pasata, aurrera segi.

7. Lepatxikiko bidegurutzea da hau, ibilbidearen puntu altuena. Bide nagusia jarraituta, pinuen artetik beherantz doan bidea hartu.

8. Marka urdin eta zuriei jarraitu, bide nagusitik. Baserri multzo bat zeharkatu eta aldapa behera, Lastaola-berri baserriraino iristen da bidea.

9. Lastaola-berri oso-osorik inguratu, baserria ezkerrean utzita. Bertatik aldendu, aldapa gora, konifera multzo baten ondotik. Asfaltozko bide gorabeheratsua jarraitu sagarrondo artetik, negutegiak ondoan dituen gune zabal bateraino.

10. Bertan dago Elorrabi sagardotegia. Parean, ibaiertzeko zuhai­tzen parean, Elorrabiko puente kolgantea zegoen tokia ikusten da. Asfaltozko bidea jarraituta, Iparragirre sagardotegiaren ondotik pasa.

11. Altzueta sagardotegira iritsi aurretik bidegurutze bat dago. Bertan, ezkerretara aldapa gora doan bidea utzi eta bide nagusia jarraitu, Loidira iritsi arte.

12. Ibilbide zirkularra ixten da hemen. Hasierako puntura jo, bukatzeko.

Ibilbidea PDF formatuan: www.kronika.net

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!