Ibon Fernandez hernaniarra, gaixo larrien zerrendan

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 13a, 01:00

Esklerosi anizkoitza diagnostikatu diote eta gaixotasun sendaezina izaki, gaixo larrien zerrendara gehitu dute medikuek. 14 euskal preso politiko daude egun, zerrenda horretan.

Ibon Fernandez Iradi gaixotasun larri eta sendaezinak dit­uzten presoen zerrendara gehitu dute; hala jakinarazi zu­en Etxeratek atzo, Aieteko Jau­regian emandako pren­tsaurrean. Ibon Fernandez lasartearra da jaiotzez, baina urte luzez bizitu da Her­nanin. Jaiki Hadi mediku elkarteak esklerosi anizkoitza diagnostikatu dio hernaniarrari. Lannemezan espetxean dago eta azaldu zutenez, gaixotasun honek berehalako tratamendua eskatzen du: «gaixotasun larri eta sendaezin honek hondamen fisiko eta psikologiko haundia sortzen du. Gaitzak pazientearen autonomia asko muga­tzen du, bai areagotze progresiboagatik, eta baita tratamenduak eskatzen duen jarraipen estuagatik». Prentsaurrean gogoratu zuten, espetxeak eragin zu­zena duela euren gaixotasunean, eta baita jaso dezaketen asistentzia medikuan ere: «beharrezkoa da asistentzia egokia, eta espetxeetako egiturek eta bertako bizi baldin­tzek ez dute hau ziurtatzen»


«Aske behar dute»
Senide eta lagunek gaixotasun hauek gertutik bizi dituztela gogoratu zuten. Hori horrela, azaldu zuten gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak aske behar dutela: «beraiek asistentzia egoki bat izateko, eta guk eurak merezi duten bezela zaintzeko».


14 preso zerrendan, tartean 2 hernaniar
Ibon Fernandezen kasua ge­hituta, hamalau euskal preso politiko daude gaixo larri eta sendaezinen zerrendan. Ho­rien artean da baita ere, Gari Arruarte, espondilitis gaixotasuna duen hernaniarra. Gaixo dagoen beste preso baten berri ere eman zuten atzokoan: Ventura Tomé tafallarra. Prostatako minbizia aurkitu diote. Oraindik informeak falta zaizkie bere medikuei, baina baliteke Tomé ere gaixo larrien zerrendara gehitzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!