Gidari izateko arau eta seinaleak ikasten, ikastetxeetako gaztetxoak

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 12a, 01:00

Aste honetan bosgarren eta seigarren mailako ikasleak ari dira Bide Heziketako saioak jasotzen. Hernaniko bidegorri sarea zabaltzen jarraitzea da Udalaren helburua.

semaforoak, zebrabideak, stop seinaleak... asko dira gidari bezala kontuan izan behar diren arauak. Bizikleta gainean, guztiak ezagutu eta nola errespetatu ikasten ari dira Hernaniko gaztetxoak, Bide Heziketako saioen ba­rruan. Bosgarren eta seigarren mailako ikasleen txanda da orain, eta Ramon Aiz­piolea eta Jon Retegi udal­tzainak dituzte irakasle. Sai­oak Ki­rol­degiko pelotalekuan izaten dira, eta herriko ikastetxe guztiek hartzen dute parte; guztiak kontuan izanda, 10 saio inguru egingo dituzte aurten. Maila hauetako neska-mutilekin gidari bezala nola jokatu lantzen dute udaltzainek, eta horretarako, hiru talde edo figuratan banatzen dituzte ikasleak: oinezkoak, bizikleta gidariak eta zuzen­tzaileak. Txandaka, funtzio guztiak betetzea da helburua.

Bidegorri sarea zabaltzea
Udalak apustu garbia egin du bidegorriaren alde, eta azken urteetan erdigune eta inguruko auzoetara iritsi da bidegorria. Sarea zabaltzen jarraitzeko asmoa dute, eta Lizeaga auzora iristea da, datorren helburua. Fusioa dela eta, DBHko ikasleek institutuan ikasten dute orain. Lizeagako bidegorriarekin, besteak beste, lortu nahi da ikasleak bizikletan joatea, eta bidea modu seguruan egitea.

8-12 urte bitarteko gazteak
Udaltzain­goak eta Udalak elkarlanean antolatzen dute Bide Heziketa, eta saioak 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutilekin egiten dituzte; heziketa, adinaren araberakoa izaten da. Hirugarren mailako ikasleek Goazen oinez programa lantzen dute; hau da, ikastolara oinez nola joan, zebrabideak nola gurutzatu... Lau­ga­rren mailako ikasleek Bidaiari programa lan­tzen dute; alegia, garraio publikoa nola hartu ikasten dute.

Marrazki erakusketa ikasitakoarekin
Bide Heziketako saioetan ikasitakoarekin ma­rrazkiak egiten dituzte, eta maiatzean, ikusgai jartzen dituzte guztiak. Marrazki erakusketa Biteri kultur etxean jarriko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!