katxarraza, hala izena du Institutuko ikasleek sortu berri duten taldeak. Ez da denbora asko pasa elkartzen hasi direnetik, baina indartsu dira, dituzten planak aurrera eramateko asmo sendoarekin. Aurreneko ekimena martxoaren 8an antolatu zuten, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Institutuko ikasleei dei egin zieten egun horretan, kamiseta morea jantzi, eta argazki bat ateratzeko; erantzuna, bikaina izan zen.
Helburu, gaur egungo harreman motak aldatzea
Taldekideek azaldu dute ez daudela gustura gaur egungo harreman edo jarrera motekin, eta hori aldatzeko asmoarekin elkartzen direla: «bileretara joaten gara, bai baitago zerbait joatera bultzatzen gaituena; nahiz eta hasieran denok sentitzen dugun lotsa». Institutuko zein DBHko ikasleei deia ere luzatu diete, bileretara gerturatu, eta parte hartzeko.