Txistularien hiriburu bihurtuko da Hernani asteburuan Txistulari Gazteen XII. Txapelketa eta Txistularien Topaketarekin. Biak batera urteroko jaialdi entzutetsua osatzen dute. Gaur, Txistulari Gazteen XII. Txapelketa jokatuko da Milagrosan, goiz eta arratsalde. Goizean 23 bakarlari jardungo dira txistu eta danbolinaz: 12 urtetik beherakoen kategorian zortzi eta 13-16 urte bitartekoenean 15. Lehia estua espero da, batzuk zein besteek aurkeztu dituzten partituren zailtasuna eta parekotasuna ikusita. Arratsaldez, berriz, bost taldek joko dute. Denera, 34 txistulari eta atabalari.
Ia Euskal Herri osotik agertuko dira Hernanira egin duten lana erakustera; zehazki, herriotatik: Abadiño, Andoain, Bilbo, Donostia, Durango, Hernani, Iruñea, Leitza, Muskiz, Mutiloabeiti (Aranguren), Oibar, Pasaia eta Zizur Nagusitik.
Sei hernaniar bakarkakoan eta talde bat
Eta etxeko ordezkaritza sei hernaniarrek eta herriko talde batek edukiko dute: A kategorian (12 urte edo gutxiago); Xubane Rodriguez eta Naroa Saez de Heredia. B kategorian (13-16 urte); Enara Arruti, Julen Beraza, Ane Telletxea eta Manex Zabaleta. D kategorian (taldeak); Txilibita taldea lehiatuko da. Bakarkako txapelketa 11:00etan hasiko da eta taldekakoa 17:00etan.
Orain arte ospatu diren 11 txapelketatan, 33 txapel dira jada banatu direnak: Iruñeara 11; Donostiara 5; Irunera 4; Durangora 5; Azpeitia, Gasteiz eta Hernanira bina; eta Bilbo eta Lizarrara bana joan dira.
Kalejirak eta dantzarako doinuak, biharko topaketan
Bihar, berriz, kaleak girotuko dituzte txistu hotsekin Txistularien Topaketan. Euskal Herriko txistulari andana elkartu eta, egun guztian barrena, herriko kale eta plazatan arituko dira. Elorrio, Pasaia, Tafalla, Iruñea, Baiona, Urnieta, Tutera, Lasarte, Bilbo, Lizarra, Leitza,… eta Hernaniko txistulariak izango dira bertan. 10:00etan elkartuko dira, udaletxeko arkupeetan. 10:15etan dianak egongo dira, hiru-lau taldetan. 11:00etan hamaiketakoa, Santa Barbara elkartean. Ondoren, 12:30etan, Ttun-ttuna egongo da plazan. Kalejirak eta dantza doinuak kaleak alaituko dituzte bazkaria baino lehen. Horretarako Iparragirre sagardotegian elkartuko dira 14:00etan. Hamaiketakoa antolatzaileek jarriko dute.
EGITARAUA
GAUR
Hernaniko XII. Txistulari Gazteen Txapelketa
11:00 Milagrosa kaperan.
A (12 urte arteko bakarlariak) eta B (13-16 urte bitarteko bakarlariak) kategoriak. 23 partaide.
17:00 Milagrosa kaperan.
D kategoria (taldeak) eta sari banaketa.BIHAR
Txistulari Topaketa.
10:00 Elkartzea eta dianak kaskoan eta inguruko auzoetan.
12:30 Ttun-ttuna plazan. Kalejira eta dantzarako doinuak Plaza Berrin (eguraldiak lagunduko ez balu, udaletxeko arkupeetan).
14:15 Lagunarteko bazkaria Iparragirre sagardotegian.