PSE-EE alderdiak Hernanin egin zen herri galdeketaren balorazioa egin du prentsa ohar baten bidez. Beraien ustetan «gizartea arduratuagoa edo kezkatuagoa dago lan eta gizarte gaiez independentziaz baino. Eta hori erakutsi du martxoaren 19an Hernanin eginiko herri galdeketak».
«Hernaniko PSE-EEk hasieratik errespetoa erakutsi du kontsultan amaitu den herri ekimenarekiko». Modu honetan, udaletxeko Ricardo Crespo bozeramaileak azken plenoan zera zioen. «Independentziaren inguruan alderdi sozialistaren ikuspuntua nahiz eta jakina izan, ez diogu ekimenari inongo trabarik jarriko herritarren ekimena bait da. Errespetu osoa zor diogu». Eta esandakoa bete dutela diote Hernaniko sozialistek. «Ez dugu parte hartu prozesuan, ezta adierazpenik egin ere, inongo motakoak, galdeketa amaitu bitartean».
PSE-EEren postura Hernani mailan argia da alderdiaren esanetan: «Kontsultak defendatzen ditugu legediaren barruan, bozkaren norabidea dena delakoa kontutan hartu gabe, herri partaidetzaren tresna eta herritarrekiko politika egiteko modu hurbilago bat bezala». Horregatik independentziaren inguruko galdeketa bat egitea etxea teilatutik eraikitzen hastea litzateke Cresporen hitzetan. «Denbora da Hernanin herri galdeketak eskatu ditugula gai desberdinen inguruan, zabor bilketa edo trafiko norabidearen inguruan esaterako, lege arazorik suposatzen ez dutenak eta ez dira egin. Azken helburua herritarren parte hartzea bultzatzea bada eremu zabala dago desberdinen arteko konplizitatea sortzeko eta ez da pauso ona, dakigunean, adostasunik lortuko ez dugun eremuetan hasten bagara».
PSE-EEk prozesuan parte ez hartzeko erabakia zergatik hartu duen azaldu nahi du. «Independentziaren erreibindikazioa, babesten ez duguna, zuen helburu. Eta Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk erreibindikazio ariketak bezala eginiko adierazpenek, zoritxarrez, baieztatzen dute gure susmoa. Prozesu bat gehiago da independentziaren aldarrikapenaren bidean eta ez herritarren parte hartze prozesuen bultzadan».
«Independentziaren aldekoak bakarrik hartu dute parte
eta seguruaski ezta
aldeko guztiak ere»
«Kontsultaren aldeko alderdiek 7.601 boto azken hauteskundeetan»
Emaitzei dagokionez PSE-EEk ez du erabateko arrakastatzat jotzen %25eko partaidetza eta 4.253 bozka izatea, azken hauteskundeen emaitzak ikusita. «Kontsultaren alde zeuden alderdiek 7.601 boto bildu zituzten. Gure ustetan independentziaren aldekoak bakarrik hartu dute parte eta seguruaski ezta aukera horren aldeko guztiak ere. 4.113ko baiezkoak EH BIlduk lorturiko 4.182 botoen ia berdinak dira».
Alderdi sozialistako kideen ustez «emaitzak argi uzten dute euskal gizartea oso anitza dela eta bere gehiengoa ez dagoela independentziaren alde, baizik eta bere lehentasunak beste gai batzuetan daude bideratuta, lana, hezkuntza, etxebizitza edo eta gizarte babeseko politika...».