Abiatzear da Korrikaren 20garren edizioa: datorren ostegunean abiatuko da, arratsaldeko 17:00etan Otxandiotik; eta Iruñan bukatuko da, apirilaren 9an, eguerdiko 12:30etan.
Eta hain justu, bukaerara joateko, autobusa jarriko dute. Autobus bateratua abiatuko da Astigarragatik, Hernani eta Urnietatik pasa, eta Iruñara joateko. Goizeko 08:30etan abiatuko da autobusa, Joseba Barandiaran plazatik. Itzulera, berriz, iluntzeko 20:00etan egingo dute, Iruñatik.
Txartelak salgai, Ikatzan, Zipotzan eta AEKn
Horretarako, dagoeneko salgai jarri dituzte txartelak. Astigarragan, hiru puntutan eskuratu daitezke: Ikatza eta Zipotza tabernetan, eta AEKren lokalean. Hernaniko AEKn ere lortu daitezke, edota Urnietako Xauxar tabernan. 12 euroan erosi daitezke txartelak.
Datorren larunbatean, Akerbeltzen kontzertua
Bere ibilbidean, apirilaren 4an pasako da Korrika Astigarragatik, eguerdiko 11:44etan, zehazki. Eta bitartean, Korrika Kulturalean murgilduta dago herria. Orain bi aste ospatu zuten Korrika Eguna, makina bat ekintzarekin. Eta datorren larunbatean, kontzertua eskainiko du Akerbeltz musika taldeak, Astigarragan.