Urko Semperena nagusi, Palma de Mallorcako nazioarteko proban

Kronika - Erredakzioa 2017ko mar. 25a, 01:00

Asteburu ederra egin zuen aurrekoa, Urko Semperena asti­gartarrak. Zita bikoitza izan zuen, pistan eta errepidean, eta emaitza bikaina lortu zuen bietan. Ostiralean, Palma de Mallorcan izan zen, Europako Six Days Series txapelketaren barruan, jubenilentzako hiru probako omniuma lehiatzen. Eta erakustaldia eman zuen astigartarrak! Danesa proban bigarren izan ondoren, tempo proba eta puntuazioa irabazi zituen, eta horrekin, omniuma!
Igandean, berriz, errepidera bueltatu zen, Donostiako Zumy Saria lehiatzera, Euskal Herria Txapelketarako puntuagarria; bi aldiz pasa ziren Astigarra­ga­tik, gainera. Xabier Mikel Azpa­rrenek egin zuen ihes aurrena, eta haren bila atera zen talde­txoarekin joan zen Semperena gero. Hainbat erasoren ondoren, hiru txirrindulari geratu ziren aurrean, eta Semperena atzetik, beste hirurekin, baina bat egin zuten Egian sartzean, 500 metroren faltan. Orduan jo zuen erasoa Semperenak, azke­neko igoeran, baina bere bila atera zen Unai Iribar, denak gurpilean zituela, eta aurrea hartu zioten hiruk. Laugarren izan zen astigartarra, beraz, eta Oier Lazkanok irabazi zuen beste behin; lautik lau, aurten.

Kadeteak ondo, Azpeitian
Jaime Romero eta Telmo Sem­pe­rena kadeteak, berriz, Azpei­tia Sarian aritu ziren igandean. Lasterketa ona egin zuten biek, behin eta berriro saiatuta ihes egiten, baina ez zuten lortu ihesaldi ona harrapatzea. Azkenean, bi laukotek hartu zioten aurrea tropelari, eta talde nagusiaren aurreneko postuetan sartu ziren bi astigartarrak, 15 eta 16garren.
Eta txirrindulari alebinek, azkenik, Zarautzen izan zuten proba, larunbatean. Astigar­ta­rren artean, Aimar Olasagasti izan zen onena, 9garren; Tasio Semperena 16garren sartu zen, Aketza Bolado 21garren, eta Unax Aranburu 30garren.

Aizarnazabal, Atarrabia eta Elgoibar, asteburuko zitak
Txikienek, Aizarnazabalen izan­go dute zita gaur, 16:30etan. Bihar, berriz, Gaztetxoak Tor­neoko aurreneko proba dau­kate kadeteek, Ata­rra­bian; eta juniorrak Elgoiba­rren ariko dira, 16:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!