Gezurra badirudi ere, «elkarrekin hiru aldiz bakarrik» ibili dira musean Fermin Narbarte, Tximista, eta Mertxe Uitzi, Kapelogorri; «Goizuetan bitan, eta Nafarroako finalean beste behin», azaldu du Narbartek. Baina ederki asko moldatu dira, Euskal Herriko Mus Txapelketako finala jokatzeko sailkatu baitira.
Gaur izanen dute zita garrantzitsua, Anoetan.
«Lehengo urtean herrian kanpeon izan, eta beste batzuk bidali genituen Iruñeara»
Gaurko erronka zaila dela iruditzen zaio Narbarteri. «Ikusi egin behar, zer pasatzen den. Baina zaila izanen da aurrenetik pasatzea».
Kontrario zailena zein izan daitekeen ere, ez daukate garbi. «Horretan kartek agintzen dute, eta suerte pittin bat behar da. Bi gauza horiek behar direla uste dut. Honaino iristeko ere, horixe izan da; kartak etorri direla! Horrela tokatu da!».
«Beste herri batzuetan muserako afizio gehiago izaten da»
Goizuetako beste bikote bat ere bazen, txapelketan; Xumar Bakero eta Fernando Goia. Narbarte eta Uitziren aurretik sailkatu ziren, gainera, herrian, baina ezin izanen dute gaurko final haundian egon. «Lana dela eta ez dela, ezin izanen dira bertan egon. Lehengo urtean ere, herrian kanpeon izan eta beste batzuk bidali behar izan genituen Iruñeara». Aurten, behintzat, ez dute aitzakiarik; Narbartek eta Uitzik egiten duten lanaren ordaina jasoko dute.
«Herrian behintzat, beti segituko dugu»
Emaitzak ez ditu asko kezkatzen, ordea. Esperientzia on bat bizitzeko aukera izanen dute, eta nahikoa. «Gero, herrian behintzat, beti segituko dugu», dio.
Hala ere, Narbarteren ustez Goizuetan ez dago afizio haundirik. «Tabernetan, arratsaldetan pixka bat aritzen gara. Baina txapelketak egitean, 10 bat bikote bakarrik izaten gara. Beste herri batzuetan muserako afizio gehiago izaten da».
Baina nork jakin! Gaurkoan balentriaren bat eginez gero, «mundiala agian eginen dugu, Goizuetan!». Aurrena, ordea, egunekoa. «Ez dut uste autobusik aterako denik, Goizuetatik Anoetara!», dio. Baina bikotea laguntzera animatzen dena, ez da damutuko. Izan ere, egun osoko egitaraua izanen da; izenematea eta harrera, ligaxka, hamaiketakoa, bigarren kanporaketa, Mus Azkarra azpi txapelketa, herri bazkaria eta kantu jira, eta Mejikortxorekin kantaldia. Eta guztia borobiltzeko, final haundia, 20:30etan.
EHko Mus Txapelketa-Anoeta
08:00-09:00 izenematea eta kafea.
09:30 harrera ekitaldia.
Ondoren, finaleko lehen fasea; ligaxka.
11:00 hamaiketakoa.
11:30 finaleko bigarren fasea; kanporaketa.
12:00 EHko I. Mus Txapelketa azkarra.
14:00 herri bazkaria, kantu jira.
19:00 kantaldia Mejikortxorekin.
20:30 final haundia.