Pasa den asteburuan ere, sasoi onean daudela erakutsi zuten Umore Ona elkarteko pilotari goizuetarrek; Salaberriak beste txapela bat irabazi zuen, hasteko. Gainontzeko partiduetan, denetik izan zen, baina maila onean aritu ziren denak.
Lezaman, txapeldun
Iker Salaberriak, Lemoako Oier Etxeberriarekin batera jokatu zuen Lezamako Txapelketako finala. Galdakaoko Ander Elezkano eta Kerman Galarza izan zituzten aurkari. Denak ibili ziren zein baino zein finago, baina goizuetarrak eta bere bikoteak lan hobea egin zuten, eta txapelarekin bueltatu ziren etxera, 22 eta 14 irabazita.
Irabazi eta galdu, beste bi partiduetan
Salaberriarenaz gain, beste bi partidu ere izan zituzten pilotari goizuetarrek.
Batetik, umeek bueltako partidua jokatu zuten Zubirin; Umore Onako Eñaut Iturain eta Xanet Apezetxea izan ziren txapeldunak, 18 eta 16, Esteribarko Esain eta Olzaren kontra.
Bestetik, Josetxo Ezkurra Memorialean, Egoitz Elizegik galdu egin zuen, 11 eta 18, Ilunpeko Egigurenen kontra.
Asteburuko hiru zitak, atzo
Asteburu honi begira, berriz, atzo jokatu zituzten partidu guztiak goizuetarrek; Salaberriak Bizkaiaren kontra zuen partidua, GRAVNI txapelketan. Eta Nafar Jokoetan, Zizur Nagusian jokatzekoak ziren, benajminetan, Xanet Apezetxea eta Eñaut Iturain, Irurtzunen kontra, eta alebinetan, Oihan Etxeberria eta Beñat Apezetxea, Oberenaren kontra.