Ibarrako kiroldegian daukate zita gaur, gimnasta hernaniarrek. A mailako eta Amateur mailako txapelketako bigarren fasea jokatuko dute, eta era berean, aurreneko faseko puntuak gehituta, Gipuzkoako Txapelketarako sailkapena izango dute jokoan.
Txapelketa goiz eta arratsaldez jokatuko da; infantil eta kadeteak batetik, eta jubenil eta seniorrak bestetik.
Goizean, 4 taldeka eta 7 bakarka
Txapelketa goizeko 10:00etan hasiko da, infantil eta kadeteen txandarekin.
Taldeka, lau formazio ariko dira Hernaniren izenean; kadeteetan hiru eta infantiletan bat. Bakarka, berriz, zazpi ariko dira: infantiletan Oihane Saratxaga, Laura Laboreria eta Oihane Irazabalbeitia; eta kadeteetan, Ainara Rueda, Maddi Goikoetxea, Ana Lujanbio eta June Elizalde.
Arratsaldez, talde bat eta hiru bakarlari
Helduagoen txanda izango da arratsaldean. Taldeka, jubenilak ariko dira, eta bakarka, Maider Galparsoro jubenila eta Beatriz Perez eta Patricia Perez seniorrak.
Donosti Torneoan, bigarren
Bestalde, lehengo asteburuan Karmelo Balda frontoian jokatu zen Donostia Torneoa, eta taldeka, kadeteen A mailan, Hernanik bigarren egin zuen, 3 uztai eta 2 pelotarekin.