«Eskatu dugu, 2019-2020 ikasturterako eskola haunditzea, espazio arazoak ekiditeko»

Kronika - Erredakzioa 2017ko mar. 25a, 01:00

Hezkuntza eta hirigintzaren arloetako gaiei helduta, EAJren jarrera kritikatu du EH Bilduk, prentsa ohar bidez. Batetik, zalantzan jarri du EAJren jarrera zintzoa, Haurreskola berriarekiko; eta eskatu du, eskola haunditzea 2019-2020 ikasturterako, espazio arazoak ekiditeko. Eta bestetik, kritikatu du, uko egin diola Udalaren jabetzako etxebizitza gehiago eskuratzeari, Urumea Berrin.

«Berehala heldu behar diote espazio arazoari, Udalak eta Hezkuntza Sailak»
EH Bilduk azaldu du, 2016an Astigarragan 106 haur jaiota, eskolak eskaera egin diola Hezkuntza Sailari, 2018-2019 ikasturterako 5garren gela lerro bat irekitzeko, 2 urtekoen gelan. EH Bilduk bat egin du eskaera horrekin, «eskola publikoaren aldeko konpromiso irmoa be­rre­tsiz, eta Astigarragako haur guztiek herriko eskola publikoan ikasteko aukera bermatzeko». Hezkuntza Sailak onartu egin du eskaera, baina EH Bilduk uste du, horrek espazio arazoak ekarriko dituela etorkizunean: «2019-2010rako, eskolan ez da guztientzat lekurik izango. Beraz, uste dugu Astigarragako Udalak eta Hezkuntza Sailak, berehala heldu behar diotela arazo honi».
Horren aurrean, hiru soluzio aurreikusten ditu: gela prefabrikatuak, eskolatik kanpoko ikasgela desplazatuak, edo egungo eraikina haunditzea. Aurrenekoa, «onartezina» iruditzen zaio EH Bilduri, eta bigarrena, behin behinekoa izateaz aparte, «filosofia integratzailearen kontra» doa, eta eguerdiro ikasleen joan-etorriak eskatuko lituzke, jangelara. «Beraz, eskola haunditzea da soluzio egokiena eta behin betikoa».
Zentzu horretan, argitu du badagoela laugarren solairu bat txertatzeko aukera, egiturari gaitasun hori eman zitza­io­lako, aurreko legealdian haun­ditu zenean: «bere garaian bideraezina izan zen, Hezkun­tza Sailaren konpromiso eskasagatik, uste duelako populazio igoera dela pasako den arazo probisional bat». Eta gogoratu du, administrazio errekurtsoen bidez atera behar izan ziola dirua Hezkuntza Sailari, azkenean 65.000 euro gutxiagoko ekarpena egin zuela Sailak, eta Udalak ordaindu behar izan zuela, ez zegokion diru bat.
«Hala ere, epe ertain-luzeko begirada galdu gabe, EH Bilduk aurreikusi zuen modua beste solairu bat egiteko, eta laugarren solairu horrek eskaini dezake, bost ikasgela berri egokitzeko aukera; eta baita arte plastikoentzako tailer-gela bat jartzea aztertzeko aukera ere», azaldu du EH Bilduk.

«Ulertezina da EAJren proposamena»
Horren harira, adierazi du «uler­tezina» dela EAJren proposamena; haurreskola berriaren lokalari zati bat kendu, eta eskolako ikasgelak hor koka­tzea: «soluzio probisionala izateaz gain, haurreskolaren kaltetan izango litzateke».
Eta gaineratu du: «EAJk, haurreskola Urumea Berrin kokatzearen kontra egin zuen, eta zalantza daukagu, bere jarrera zintzoa ote den gai ho­netan. Azaroan kokapen berria onartu zenetik, aurrerapausoak eskasak dira. Badirudi bera­ientzat haundiegia dela aurreikusitako lokala, eta nola edo hala txikiagoa egin nahi du. Uste dugu, eskolako ikasgelak hor kokatzea, asmo horretarako aitzakia dela. Guk ba­bes­ten dugu, espazio zabal eta erosoak, eta jolasgune estali propioa izango dituen haurreskola».
Azkenik, EH Bilduk azaldu du, bigarrenez eskatu duela, DBHren aldeko Batzordea dei­tzea: «badirudi, legeak ezarritako epeak estututa, azkenean apirila baino lehen izango dela batzordea», aurreratu du.

«EAJk uko egin dio Udalaren jabetzako etxebizitza gehiago eskuratzeari»
Hirigintzari dagokionez, EH Bilduk azaldu du, aurreko astean onartu zitzaiola obra baimena Urumea Berriko promotoreari, beste eraikin bat egiteko: «baimenaren kontra egin dugu, Udalak aukera zeukalako promotoreari etxebizitzak eska­tzeko, eta uko egin diolako».
EH Bilduk nabarmendu du, 2010ean sinatu zutela, promotoreak 40 etxebizitza eman behar zizkiola Udalari. Horie­ta­ko batzuk zozketatu dira dagoeneko: «deialdira apuntatzen ari den jende kopurua ikusita, etxebizitza gehiago eskuratzeari uko egitea, Astigarragak onartu ezin duen luxua da. Jakina da promotoreak hitzarmena aldatu nahi duela, eta EAJren oniritziarekin, etxebizitza gehiago emateko obligazioa ezabatu. Hala ere, hitzarmena aldatu ez denez, udal arkitektoak obligazio hori gogorarazi du, obra bai­menak emateko bi txostenetan, baina EAJren udal go­ber­nuak ez du kasurik egin. Bi bloke egiteko baimena eman du, eta bietan Udalak ez du etxebizitzarik jasoko. Hau da, hitzarmena aldatu gabe ere, obligazioaz libratzen ari da promotorea», kritikatu du.
Eta aldarrikatu du, Udala­ren jabetzako etxebizitza kopurua areagotzea dela, «etxebizi­tza eskubidea bermatzeko ekimen garrantzitsu eta eraginkorrena. Beraz, EAJren arduragabekeria galanta da. Promo­to­re espekulatzaileen mesedetara jarri da berriz ere, herritarren beharrak erabat alboratuz».
Bloke berri honetan, zehazki, Urumea ibaiaren ondoan kokatuko denez, EH Bilduk eskatu zion EAJri ahaleginak egitea lokal bat eskuratzeko, «etorkizun batean interesgarria litzatekeelako ibaian jarduera nautikoak egitea, eta behar den materiala gordetzeko lokal bat gertu izatea».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!