Azkeneko Bozeramaile Batzordean, asteazkenean, aztertu zuten EAJk aurkeztutako mozioa, etxegabetzeak ekiditeko. Orain, plenotik pasako da, datorren asteazkenean, EAJk eta EH Bilduk modu bateratuan aurkeztuta.
Mozio horren bidez, ardura hartuko du Udalak, «Praktika Onen Kodeak aurreikusten dituen konpromisoak betearazteko, herrian bulegoa daukaten finantza erakundeei».
EAJk azaldu duenez, Espainiako Gobernuak ezarri zuen kode hori, eta helburua da, «mailegua ordaintzeko arazoak dituenaren egoera hobetu, eta ordainketari aurre egiteko erraztasuna ematea, bitartean etxea galdu gabe». Beraz, mozioarekin, Udalak herriko banketxeei exijituko die, beraien bezeroen artean aukera honen berri eman dezatela.
Bitartekari lanak egiteko konpromisoa, Udalak
Gainera, Udalak konpromisoa hartuko du, bitartekari lanak egiteko, «mailegua ordaindu ezinik egon daitekeen fede oneko zordunaren eta banketxearen arteko harremanetan».
Eta berdin jokatuko du, bitartekari lanak eginez, alokatutako etxearen errenta ordaintzeko arazoak dituzten herritarren kasuan.