Igeri egiteagatik da ezaguna Kerman Urreta Hernanin, baina orain «loteria» haundiagoa tokatu zaiola argi dauka: «lehen, kirola zen niretzat gauzarik garrantzitsuena, baina, orain, lana da; lana egitea da, hoberena».
Bi urte daramazki Urretak Galarretako Orona Ideon dagoen Diametro 200 jatetxean lanean, Gureak Itinerary proiektuaren barruan.
Pauso Berriak proiektutik, Diametro 200en lana egitera
Adimen desgaitasuna dauka Kerman Urreta hernaniar gazteak. Gureaken barruan, Goroldin lana egiten hasi zuen ibilbide profesioanala, eta Pauso Berriak proiektuaren baitan Atzegiren Villa Marin aritu ostean, iritsi zen Diametro 200 jatetxera.
Bertan, besoak zabalik egin zion harrera Fede Pachak, jatetxeko nagusiak: «kontratazio hau enpresa honen filosofiaren baitan kokatzen da. Enpresaren ardatzetako bat da inguruko jendeak lan egitea gurekin, bertako aniztasuna kontuan hartuta, gizartearen islada izan zezan. Horrela beraz, jende heldua dago, parekidetasuna mantentzen da, eta argi geneukan adimen desgaitasuna zeukatenek ere, bere tokia izan behar zutela».
Hori horrela, Gureakekin jarri zen harremanetan Pacha, eta ordutik, bi langile dauzka, Kerman Urreta hernaniarra da, horietako bat. Gainera, hasiera hasieratik berarekin «oso gustora» daudela dio Fede Pachak: «Kerman bat gehiago da gure taldean; berea da postua, ez dut beste inor imajinatzen lan horretan».
Harreman berezia daukate bien artean, eta besteak beste, asko eskertzen ditu Kerman Urretak Pacharen mezu positiboak: «Fedek ostiralero esaten dit: ‘gaur ostirala da, pozik egon behar zara’»; eta lanetik ateratzean: ‘eskerrik asko hemen lana egiteagatik’».
Kerman Urreta: «hau traineru bat bezala da, lana aurrera ateratzeko, denok egin behar dugu arraun. [...] Batek huts egiten badu, denok egiten dugu».
Taldeko lanari, garrantzia
Astelehenetik ostiralera aritzen da hernaniar gaztea jatetxeko lanetan, goizeko 10:00etatik 15:00etara bitartean. Goiz xamar da, baina berari, ez zaio axola: «egunero esnatzen naiz, eta pozik esaten dut: gaur, lanera!».
Agerikoa da lanak zoriontsu egiten duela Kerman Urreta, eta Diametro 200 jatetxean egiten duenaren berri ematen duenean ere, begiradan nabaritzen zaio hori: «lana oso garrantzitsua da niretzat. Batez ere pozten naiz nire gurasoengatik, esan dezaketelako nik balio dudala, eta kontentu egon daitezkeelako. Azken finean, beraiek lana egiten badute, nik zergatik ez?», galdegiten dio Urretak bere buruari.
Baina lankideen beharra ere aldarrikatzen du: «hau traineru bat bezala da, lana aurrera ateratzeko, denok egin behar dugu arraun. Jatetxeko lana, taldearen lanaren emaitza da, eta beraz, batek huts egiten badu, denok egiten dugu».
Lan-prestatzailearen laguntza garrantzia haundikoa da kasu hauetan.
Diametro 200 jatetxeko langilea, «betirako»
Mugimendu haundiko jatetxea da Diametro 200 astean zeharreko eguerdietan: «batez ere unibertsitateko ikasleak eta irakasleak, eta Oronako langileak etortzen dira, baina batzuetan, kanpotarrek ere bisitatu gaituzte. Janaria oso goxoa dagoela esan ohi didate, eta niretzat hori oso pozgarria da».
Are pozgarriagoa izan zen, ordea, Fede Pacharen eskutik bizitza aldatuko zion berria jaso zuenean: «egun batean esan zidan: ‘zerbait kontatu behar dizut, Kerman’. Nik urduri esan nion, ‘ba kontatu’. Orduan esan zidan, lana betirako izango nuela, eta nik, besarkatu besterik ezin nuen egin», azaltzen du Kerman Urretak berak.
Miren Mendijur, beste figura garrantzitsua
Fede Pacha nagusiaz eta Diametro 200 jatetxeko lantaldeaz gain, Gureakeko Miren Mendijur izan da Kerman Urreta hernaniarraren azkeneko figura garrantzitsua.
Bera da Gureak taldeko lan-prestatzailea, eta Kerman Urreta Diametro 200 jatetxeko langile denetik, berak laguntzen dio: «hasieran, praktiketan hasi zen jatetxean, eta beraz, beste lan-prestatzaile batekin zegoen». Mendijurrek azaldu duenaren arabera, prestatzaileen lana da: «langileak eginbeharrak ikastaraztea, baita gizartera eta lan eremura ondo egokitzea, eginbeharrak modu zuzenean bete ditzan».
Urretak, Gureakeko beste erabiltzaileen antzera, lan-prestatzaile baten laguntza izan zuen jatetxean lanean hasi zenetik: «hasieran, laguntza intentsiboa da, langileak bere eginbeharrak ikasten dituen arte, baina gero, lan prestatzailea aldentzen hasten da», dio Mendijurrek. Horrez gain, langilea babestua sentitzeko, lan-prestatzailea aurretik arduratzen da enpresan bertan «babes naturalak» bilatu eta egonkortzen, eta bera ez dagoenean, hori izango da, nolabait, adimen desgaitasuna duen pertsonaren erreferentziazko laguntza.
Momentu honetan, jarraipen fasean dago Urreta, izan ere, «eginbeharrak dagoeneko badakizki, autonomoa da... beraz, 2-3 hilabetetik behin egiten diot bisita».
Dena den, behar duenerako ondoan dauka Kerman Urretak Miren Mendijur lan-prestatzailea: «laguntza intentsiboari ekiten diogu berriro ere, zailtasunik badago, edo eginbehar berriak gehitzen bazaizkio. Gainera, berak edota enpresak eskatzen badu, laguntza eskaintzen zaie».