Bagagiltza plataformak antolatutako galdeketaren inguruko balorazioa egin berri du Hernaniko EH Bilduk.
Alderdi politikoa gustora geratu da galdeketak izan zuen erantzuna eta emaitzekin: «emaitzekin gure poza adierazi nahi dugu. Herritarren %25a mugiarazteak sekulako balioa du egungo egoeran. Eta gainera, 4.100 hernaniar baino gehiagok ozen aldarrikatu zuten Euskal errepublikaren aldeko nahia».
Bere poza adierazteko beste antzeko prozesuekin alderatu ditu emaitzak Bilduk. «Katalunian herri galdeketek % 20ko parte hartzea izan zuten bataz beste. Gu emaitza horiek gainditzen ari gara. Horrek adierazten du Euskal Herrian, Katalunian bezala, badugula oinarri sozial zabal eta haundi bat independentziaren aldeko bidea jorratzeko».
EH Bilduren hitzetan, «herri honek badu indarra eta badu gogoa prozesu independentista bat abiarazteko».
«Zorionak parte hartzaileei eta antolatzaileei»
Herri galdeketa ondo irtetearen arrazoia antolatzaile eta herritarren inplikazioa izan da alderdiaren hitzetan, eta denak zoriondu ditu. «Lehenik eta behin, zorionak eman nahi dizkiegu galdeketetan parte hartu duten hernaniarrei».
Baita antolatzaileei ere: «Zorionak Hernani eta Astigarragako BagaGiltza Herri Plataformari, beraiek egindako ikaragarrizko lanari esker hernaniar guztiok aukera izan dugulako horrelako demokrazia ariketa erraldoia egiteko. Inoiz gure Herrian egin den herri mobilizazio haundiena izan da igandekoa, eta hori zuen lanari esker izan da. Ezberdinen arteko elkarlana, ilusioa, zabaltasuna, BagaGiltza herri plataformak asko irakatsi digu hilabete hauetan guztietan».
Eta azkenik «zorionak, nola ez, Gure Esku Dago ekimenari, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena Euskal Herriko bazter guztietara eramaten ari delako».
Aurreneko urratsa
Igandekoa aurreneko urratsa besterik ez zela izan eta hurrengo hilabetetan milaka eta milaka euskal herritarrek olatu honi segida emango diotela dio EH Bilduk. «Egoera honen aurrean eragile politiko eta sozialek, herritarrekin eta herri mugimenduarekin bat eginez, ardura eta erantzunkizun haundia dugu igandean bizi izan genuen ilusioa gorpuzten joateko. Guk, EH Bilduk, bide horretan konprometituta gaude. Gora Euskal errepublika».