BETERRI-Buruntza eskualdeko udalek, hau da, Hernani, Astigarraga, Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgoek, doako ikastaro bat antolatu dute aurten ere. Formazio berri hau, jarduera bat hasi eta proiektuaren bideragarritasuna eta negozioa abiaraztearen inguruan aholkularitza eta formazioa jaso nahi dutenentzat izango da.
Dagoeneko martxan dauden proiektuek eta enpresa kudeaketa bezalako alorretan modu praktikoan sakondu nahi dutenek ere parte hartu dezakete formakuntzan. Ikastaroa Gertu Asesores de Empresa y Abogados S.L. enpresak emango du, Lanbiderekin lankidetzan.
Ekimen honen helburua da proiektu bat ekiteko asmoa duten pertsonak prestatzea, beraien negozioaren sorkuntza eta kudeaketan kanpoko laguntza emanez. Zortzi orduko ikastaro honetan landuko dira: ekintzailetzaren aldeko eta kontrako aldeak, enpresaren jarduera, merkatuaren azterketa, marketing politikak, ekonomia eta finantza azterketa, enpresaren forma juridikoa, betebehar laboral eta fiskalak, baldintzak eta dirulaguntzak abiaraztea.
Ikastaroa Andoaingo La Salle etorbidea 6n dagoen Urigain etxean izango da, apirilaren 26 eta 27an. Bertaratzea errazteko asmoz, bi ordutegi antolatu dira: bata, goizez (9:00etatik 13:00etara); eta bestea, arratsaldez (15:00etatik 19:00etara).
Informazio gehiago: ekinean@andoain.eus helbide elektronikoan, 943 30 42 21 telefonoan edo Lanbidek eskualdean dituen bulegoetara jo daiteke.