Azken urteetan behera egin dute udaran ume sahararrak etxean hartzen dituzten harrera familiak; iaz Hernanira, lau ume etorri ziren. Horri aurre egiteko, aurten 100 familia behar dira, lehenago bertan izandako haur sahararrak bueltan etorri daitezen, eta horregatik, martxan jarri da Oporrak Bakean programa. Helburua da, haur sahararrei aukera ematea udarako bi hilabeteetan basamortutik
atera eta osasuna berreskuratzeko. 350 sahara haur bueltatzea da helburua.
«Jendea animatu nahi dut programan parte hartzera»
Pasa den urtean lehen aldiz bere etxean haurra hartu zuena Itziar Tomasena eta familia izan ziren. «Kronikan irakurri genuen familiak behar zirela eta bi aldiz pentsatu gabe erabaki genuen saharako haur bat ekartzea».
Esperientzia izugarria izan zen beraientzat eta aurten bigarren aldiz errepikatuko dute: «11 urteko neska egon zen gurekin, Laila. Hasiera gogorra egin zitzaigun, lehendabiziko astea batez ere, baina gero dena oso ongi irten zen. Esperientzia oso positiboa eduki genuen eta errepikatu egingo dugu aurten. Jendea animatzen dut Oporrak Bakean programan parte hartu dezan, dudarik gabe. Ez dira damutuko».
10-12 urteko neska-mutil sahararrak uztailan eta abuztuan egongo lirateke gurean. Errefuxiatu kanpamenduetan jaio eta hazi diren haurrak dira. Udaran 55 gradutik gorako tenperaturak jasaten dituzte eta ongi elikatzeko beharra dute.
Mediku errebisioak eta sendatzeko aukera ere izaten dute etortzen direnean. Beraien hezkuntzan laguntzen da, eta, era berean, saharar kultura ezagutu arazten die familiei. Euskal Herrian dauden bitartean euren auziaren difusio bide ere badira haurrak.
«Asmoa daukagu bertara joateko datorren urtean»
Itziar Tomasenak bere gain hartu zuen neska berriz ere hartuko dute etxean. «Bere azkenengo urtea izango da, baina gero guk aukera daukagu datorren urtean kanpamenduetara bisita egiteko. Gure asmoa bertara joatea da hurrengo urtean».
Tomasenaren esanetan Laila hasieran sobreestimulatua zegoen. «Dena berria da bai beraientzat eta baita guretzat ere. Baina berehala moldatu zen. Oso neska irekia da».
Esperientzia edozein familiari gomendatzen dio Itziar Tomasenak. «Guk ez dugu haurrik, baina badira ume asko dituztenak eta ederki moldatzen dira. Egia esan ez dakit nola animatu jendeak parte hartu dezan. Nik mezua zabaltzen dut».
Azken urteetan jaitsi egin da kopurua. Eta familien beharra dago, nahiz eta badauden zaintza etxeak. «Zizurkilen badago eta bertan 18 saharar haur egoten dira. Durangaldean ere badago beste bat. Boluntarioak egoten dira lanean beraiekin».
Izenematea, zabalik
Izena ematen duten familiei laguntza ematen die Udalak: haurren hegaldia ordaintzen du; udalekuak antolatzen ditu haurrak elkartzeko...
Animatzen direnek udaletxeko lankidetzarako arloan eskatu dezakete informazio gehiago, 943 33 70 17 telefonoan, marijo-m@hernani.eus helbide elektronikoan, edo Aristizabal kaleko 7garren zenakian, behean.