Kontzertu berezia antolatu dute larunbatean, Norberto Almandoz musika eskolan: Ibai Marin egongo da bertan, Hira taldeko liderra zena, eta orain bakarlari gisa ari dena.
Rock kontzertua eskainiko du musikari oiartzuarrak, arratsaldeko 19:00etan hasita: «sinplizitatearen edertasunaz gozatzeko, Ibai Marin daukazue», aurreratu dute musika eskolatik, herritar guztiei gonbitea luzatuz.
Sarrerak salgai 5 euroan; ikasleek, doan
Kontzertua ikusteko sarrerak, 5 euroan jarri dituzte salgai, musika eskolan; bertako ikasleek, berriz, doan izango dute sarrera.
Gehienak, berak sortutako euskerazko kantak
Hamabost urtetan zehar, Hira taldeko abeslari, gitarrista eta konposatzaile nagusia izan da Ibai Marin, eta ibilbide horretan, bost disko kaleratu dituzte; «azkeneko urteotan, bereziki, kalitate eta garbitasun ikaragarria lortuz», musika eskolatik azaldu dutenez.
Orain, ordea, bakarlari gisa hasi da Marin, gitarra akustikora eta ahotsera mugatuz, «melodien edertasuna bilatuz, hitzen sakontasuna eta bere ahots bereziaren garrantzia».
Larunbatean eskainiko dituenak, berak sortutako kantak izango dira gehienak, euskeraz. Hala ere, bertsio pare bat ere abestuko ditu, gaztelaniaz.