Goizeko 09:00ak pasata ireki dituzte, ofizialki, herri galdeketarako hauteslekuak, eta dagoeneko eman dute botoa aurreneko herritarrek.
Aurretik, aurreneko hitzak egin ditu Elvira Lizeaga BagaGiltza herri plataformako bozeramaileak: «dei egin nahi diegu botoa emateko aukera duten, eta 16 urte baino gehiago dituzten herritar guztiei parte hartu dezatela, 'bai' bozka dezatela, 'ez' bozka dezatela, eta bietako aukera batek ere konbentzitzen ez baditu, eman dezatela boto zuria, edo baliogabea. Parte hartzeak egiten gaitu herri, eta gure botoak irudikatuko du etorkizunean nahi dugun herria».
Arazo teknikoak, bi herrietan
Eguerdi aldera, Hernani eta Astigarragako BagaGiltza herri plataformak jakinarazi du arazo informatikoak medio, herritarrek bi hauteslekutan bakarrik eman zezaketen botoa: Hernanin, Tilosetako Donibane Gunean; Astigarragan, Pelotari kaleko Otamendi autoeskolan. Baina arazoa konponduta dago, beraz, Hernani eta Astigarragako bozkaleku guztiak martxan daude, eta irekita egongo dira iluntzeko 20:00ak bitarte.
%7ko parte-hartzea, 12:30etarako
Herri galdeketa burutzen ari diren 35 udalerrietako datuak eskaintzeko, agerraldia egin du Gure Esku Dagok Tolosan. Bertan eskainitako datuen arabera, Hernanin eta Astigarragan %7ko parte-hartzea izan da 12:30etarako: Astigarragan 352 pertsonek eman dute botoa ordurako, %7,38ak; Hernanin, aldiz, 1.294 herritarrek, erroldaren %7,54ak.
%15a, 17:30ak arte
Arratsaldeko 17:30etan eman dute parte-hartze datuen bigarren aurrerapena, horien arabera, Hernanin erroldaren %15,69ak bozkatu du (2.693 boto), eta Astigarragan, %15,58ak (743 boto).