Bi hilabete eman ditu Mendialdeako Gure Esku Dagok sinadurak biltzen, eta azkenean, lortu dute beharrezko sinadura kopurua, baita Goizuetan eta Aranon ere.
Hain zuzen, 1.423 sinadura jaso ditu taldeak eskualde osoan, horietatik 240 dagozkio Goizuetari (erroldaren %37,6a), eta 44, aldiz, Aranori (%45,8a).
«Helburua bikoiztu dugu»
Abenduaren 17an ekin zion Mendialdeako Gure Esku Dagok sinadura bilketari, eskualdeko zortzi herritan: Goizuetan, Aranon, Areson, Larraunen, Betelun, Araitzen, Lekunberrin eta Leitzan. Eta dagoeneko jaso ditu behar zituenak: «helburua bikoiztu dugu», onartu dute antolatzaileek.
Azaldu dutenez, «herri galdeketak ezinbestekoa zuen 16 urtetik gorako biztanleen %10aren babesa Leitza eta Lekunberrin, eta %15a gainontzeko udalerrietan».
Horrela, beraz, diote herri hauek, tartean Goizuetak eta Aranok «ekainaren 18an etorkizuna erabakiko» dutela.
240 sinadura jaso dituzte Goizuetan; 44, aldiz, Aranon.
Balorazio positiboa
«Elkarteko kideak pozik daude emaitzekin» diote Mendialdeako Gure Esku Dagoko kideek, izan ere, «besteak beste jatorri, ideologia, eta adin ezberdineko jendearengana iristea eta parte-hartzea lortu baitute».
Dena den, lanean jarraitu behar dutela, badakite: «kontziente dira oraindik ere herritar gehiagorengana iritsi behar dutela, baina emaitza honek ilusioa eta animoa areagotu du kideen artean».
Hitzaldia eskainiko du Aranon, gaur zortzi, Lierni Olmedok.
Hitzaldia Aranon, datorren larunbatean
Lan horrekin jarraitzeko, hainbat ekintza antolatu ditu Mendialdeko Gure Esku Dagok martxorako.
Duela aste batzuk Goizuetan festa egin ondoren, Aranon izanen dira oraingo honetan. Datorren larunbatean hitzaldia eskainiko du Lierni Olmedok, Gure Esku Dago ekimeneko bozeramaileak. Iluntzeko 20:00etan izanen da solasaldia.
Egun berean Leitzan bertso-afaria eginen dute, eta hilaren 26ko goizean zehar, aldiz, festa antolatu dute Betelun.