Berdintasunak ere badu hitza, hirigintza planak egiterakoan

Kronika - Erredakzioa 2017ko mar. 8a, 01:00

Ohiko mapaz gain, beste mapa bat ere badauka Astigarragak, orain; kartogra­fiaz gain, herriko puntu argi eta beltzak jasotzen dituena, kaleek, plazek edota parkeek dauzkaten gauza onak eta txarrak.
Mapa Morea da osatu dutena, parte­hartze saioetan jasotako ekarpenak bilduz, eta alde positibo eta negatibo horiek ikono bidez jasoz. «Eguneroko bizitzaren esperientzia» da jaso nahi izan dutena, herritarrekin egin dituzten saio irekietan. Haien ekarpenekin egin zuten, herriko espazioen diagnostikoa.

Herriko 38 gune, aztertuta
Guztira, herriko 38 guneren azterketa egin dute, Mapa Morea osatzeko prozesuan. Udal teknikari eta ordezkari politikoekin bildu ziren aurrena, haiek formatu eta beraien ikuspegiak jaso­tzeko; DBHko ikasleekin egin zituzten beste bi saio ondoren; eta herrita­rren­tzako lau saio irekitan jaso zituzten ekarpenak, azkenik.
Bertan erreparatu zioten, gune ba­koitzaren irisgarritasunari, trasmi­ti­tzen duen segurtasunari, edertasunari, ondo kokatuta egoteari, ondo zainduta, lasaia izateari...
Eta gune bakoitzari, fitxa bana eskaini diote, tokian bertan jarri dutena. Gune horretako alde positiboak, negatiboak, ekarpenak eta diagnostikoa.

Beldurra eragiten duten hiru gune, eta ondo argiztatu gabeko hamabi
Eta ekarpen guztien artean, arreta bere­zia jarri zaie, berdintasunarekin lotura dutenei. Horrela, hiru toki detektatu dira, herritarrei beldurra eragiten die­tenak: Amarrandegi kalea, Maskarrene bidea, eta komun publikoak.
Otsailaren 10ean egin zuten ibilbidea herrian zehar, Mapa Morea aurkezteko, zenbait gunetan geldialdia eginez; eta horietako bi izan ziren Amarrandegi eta komunak. Aurre­ne­koan, dinamizatzaileek aipatu zuten, etxebizitzak eginda dauden modua­gatik, zokoak edo itzalguneak sortzen direla, ezkutuan geratzen direnak, ondo argitu gabekoak eta arriskutsuak izan daitezkeenak; eta horiek, segurtasun eza trasmititzen dietela herritarrei.
Komun publikoetan, berriz, argi­tasun falta da arazo nagusia: «oso argi gutxi dago, eta sarrerak berak ere, atzera botatzen du. Argitasun haundiko tokia beharko lukete, eta koloretsua. Atsegina eta erosoa. Bestela, emakume bat ez da modu despreokupatuan sartuko gauean».
Hiru beldur-gune horiez gain, beste hamabi gune ere aipatu zituzten saio irekietan, ondo argitu gabekoak: Murgia parkeko zingira eta bideak, Apeztegi plaza, Anuska auzoa, Anbulategi ingu­rua, Ergobia, Arrobitxulo...

Aurrekaria, Tokiko Agenda 21ean osatutako 'Beldurraren mapa'
Mapa Morearen prozesuak, dagoeneko bazeukan aurrekari bat Astigarragan. Aurreko ikasturtean, Tokiko Agenda 21 ekimenaren barruan, herriko haur talde batek 'Arriskuen edo beldurraren mapa' izenekoa osatu zuen, eta bertan jaso zuten, herriko zein gunek ematen zieten beldurra, gauean, argiteria desegokia delako adibidez.
Hamalau puntu markatu zituzten gorriz, eta beste bi zalantzan utzi zi­tuz­ten. Hori ere, kontutan hartu nahi izan zuten, Mapa Morea osatzeko garaian, eta txertatu egin zituzten.

Herritarrei beldurra eragiten dieten hiru toki detektatu dira: Amarrandegi kalea, Maskarrene bidea eta komun publikoak. Izan ere, arazoa da horietan argitasun falta dagoela, edota zokoak edo itzalguneak sortzen direla.

Plan urbanistikoetan, berdintasuna kontutan hartzeko tresna
Mapa Morea osatuta, asmoa da tresna bat izatea eskura, berdintasuna kon­tutan hartzeko beti, plan urbanis­tikoak egiterako garaian. «Zenbat eta infor­ma­zio gehiago izan, orduan eta zailagoa izango da planifikatzen, hori dena hirigintza planean txertatzen. Baina hori guztia kontutan hartzen badugu, gehiago asmatuko dugu, arazoak kon­pontzen, eta astigartarren elkarbi­zitza eta bizimodua errazten», nabarmendu dute dinamizatzaileek.
Eta diote, horretarako zailena eta garrantzitsuena dela, «Berdin­tasun Sailak zeresanik baduela barne­ratzea, Hirigintza arloan hartzen diren era­ba­kietan». Eta nabarmendu dute, udal teknikari eta ordezkari politikoekin egindako saioetan, ikusi dutela «forma­kuntza eta sentsibilizazioa» badau­ka­tela, eta hori «oso aberasgarria» dela.
Elkarbizitzarako, beste alde positibo batzuk ere nabarmendu zituzten ibil­bi­dean. Esate baterako, aipatu zuten «balore bat» dela, Foru plazako kioskoa erabiltzea «merendolak egiteko», adi­bi­dez. Hain justu, egun horretan bertan ari ziren, urtebetetze bat ospatzen.

Mapa eta fitxak, ikusgai
Prozesuaren emaitzekin, esan bezala, Mapa Morea bera osatu dute, eta baita gune bakoitzari dagokion fitxa ere. Fitxa guztiak, dagoeneko jarrita daude dagozkien guneetan. Baina interneten ere badaude ikusgai, Udalaren web orrian (www.astigarraga.eus), ezkerreko zutabean Mapa Moreari eskaini dioten txokoan. Eta bertan ikusi daiteke, baita ere, Mapa Morearen planoa bera, eta prozesua, emaitzak eta ondorioak bilduta osatu duten txostena.
Eta herriko zenbait tokitan ere, udaletxean eta kultur etxean adibidez, badauzkate mapa eta fitxa guztiak, bilduma batean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!