«Lehen baino gehiago bizi gara, baina saiatu behar gara ondo bizitzen»

Kronika - Erredakzioa 2017ko mar. 8a, 01:00

Lan munduan betidanik murgilduta egon da Miren Clemente; 14 urterekin hasi zen Zikuñagan lanean, eta ordutik, aldarrikapenetan eta eskubide kolek­tiboen defentsan irmoki mugitu izan da. Borrokalari sutsua, jubilatu zenetik Hernaniko Duintasun taldeko kide da, izan ere, bere ustez, «gure eskubideak aldarrikatu behar ditugu, guk ere badauzkagu beharrak eta eskakizunak. Lehen baino gehiago bizi gara, baina saiatu behar gara ondo bizitzen».

Ibilbide luzea, lan munduan
Lan munduarekin edota sindikatuen mugimenduarekin lotura estua izan duten emakumezko eta gizonezkoek osatzen dute Duintasun taldea, eta horietako bat da Clemente. Zikuñagako papertegian hasi zen lanean 1957an, 14 urterekin, eta hamar urte beranduago hartu zuen parte emakumeen aurreneko greban, beste 29 emakumerekin batera (ikusi beheko tabla): «garai horietan bazegoen nahikoa lan, baina patroiaren aurka egitea erabaki genuen, ez genue­lako onartuko bere nagusikeria. Hasiera batean, gu berriz onartzeko prest agertu zen nagusia, betiere, bere baldintzak onartuz gero. Guk ez genituen onartuko, eta beraz, bota egin gintuen».
Eta ez hori bakarrik, Clemente eta beste 29 emakumeak bota ondoren, in­guruko enpresetara eskutitzak bidali zituen nagusiak, emakume horiek «per­tsona arriskutsuak» zirela esanez.

 

«Emakumeek kotizatu gabeko lanak egiten zituzten: josi, logelak alokatu... Eta horrek gaur egungo pentsiodunen egoeran dauka eragina»

Ondorioz, hilabeteak pasa ziren Miren Clementek lan berria lortu zuen arte, baina harro dago Hernaniko herriaren elkartasuna sentitu zutelako: «grebaren ondorengo hilabete eta erdian, Zikuñagan inork ez zuen gure lana egin».

Duintasunaren ikurra jasotakoa, iaz
Eta urte hauetan guztietan, eta batez ere, Frankismo garaian egindako lanaren errekonozimendu gisa jaso zuen Miren Clementek Iñigo Arregiren Egiaren Iturria eskultura, duintasunaren ikurra dena, 2016ko apirilaren 24an. Beste 38 ema­kumeekin batera izan zen omendua Elgetan, eta berarentzat berezia izan zela onartu du: «egin zidaten omenaldiak hausnartarazi zidan, garai horretan ger­tatu zenaren inguruan. Izan ere, nire familian eragin zuzena izan zuen Zikuñagako grebak, gehiengoak bertan egiten baitzuen lan, eta denek utzi zuten enpresa; nolabait horren errudun sentitu izan naiz. Horregatik, sari hau ga­rran­tzitsua da niretzat, esan nahi du ez nuela hain gaizki egin».

Pentsionisten aldarriak, kalera
«Eskubideak denon kontua» direla argi dauka hernaniarrak, eta horregatik parte hartzen du Duintasun taldean: «taldean lan egiterako orduan, gure lekua alda­rrikatzen ari gara».
Eta aldarri horiek kaleratzean ondo­rengoak dira taldeak elkarbanatzen ditu­enak: «bizitza duina egiteko esku­bidea, hilero gutxienez, 1.000 euroko soldata jasoaz (1.080 euro, Europako Karta Sozialak eskatzen duen bezala); adineko gizonezko eta ema­ku­mezkoen artean eskubideen berdin­tasuna; gizarte segu­rantza eta babes sozial justu baterako eskubidea; gure baldintza fisikoetara egokitutako etxebizitzak; gure diru-sarrerak eta beste hiritar guztienak ber­matzen dituen zerga-sistema aurrerakoia; eta politikan parte-hartzearen esku­bidea».
Hori kontuan hartuta, Clementek azaltzen duenez, azkenaldian «bereziki mu­gitu gara Eusko Jaurlaritzak eta Gobernu espainiarrak hartutako neurrien eta egindako murrizketen aurka: pen­tsioa­ren balorazioa dagoeneko ez da KPIaren arabera; ez dago adinekoen erresidentzia nahikoa; Gipuzkoan 40.000 sinadura baino gehiago lortu genituen kopagoaren kontra...».
Horietako neurri askok denei eragiten badigute ere, Clementek dio beraien taldea «ahulagoa dela». Are gehiago, ema­kumeen kasuan.

«Taldeko emakumeek lan
gehixeago izaten dugu»

Emakumeen egoera horri aurre egiteko, bereziki lan egiten dute Duintasun talde­ko emakumeek: «taldeko emakume­ek lan gehixeago izaten dugu, guri es­kainitako egunak daudelako egutegian; Emakume­en Nazioarteko Eguna, adibidez». Horre­lako egunak aprobetxatzen dituzte ema­kumeen egoera salatzeko. Besteak beste dio­te pentsionisten %51 inguru ema­ku­me­­ak direla, eta beraien soldaten batez bestekoa 599 eurokoa da, gizonezkoena baino %39 baxuagoa.
Miren Clementek dio hori guztia ez dela kasualitatea: «prekaritate honek gi­zar­­tearen egituraren feminizazioa du oinarri: emakumezkoentzat lan zehatzak zeuden etxean, seme-alabekin... eta gizonez­koek etxera soldata eramaten zuten. Bitarte horretan, emakumeek kotizatu gabeko lanak egiten zituzten: josi, logelak alokatu... Eta horrek gaur egungo pentsiodunen egoeran dauka eragina».

1967KO EMAKUMEEN AURRENEKO GREBAN PARTE HARTU ZUTEN 30 EMAKUMEAK

Miren Clemente, Manoli Garin, Maria Luisa Rama, Maria Angeles Mateo, Maria Arantza Sorondo, Marina Gonzalez, Jesusa Naveiro, Asunción Martinez, Josefa Carballo, Maria Pilar Del Río, Lucina Arrieta, Begoña Albistur, Petra Trejo, Felisa Estevez, Maria Carballo, Maria Carmen Muñoz, Maria Jesus Zubitur, Maria Albizu, Maria Carmen Alvarez, Maria Angeles Rama, Maria Asunción Elizondo, Asunción Mendoza, Catalina Rodri­guez, Dolores Sanchez, Antonia Ramiro, Consuelo Sanchez, Cándida Guzmán, Maria Carmen Peña, Maria Jesus Tijero, Maria Carmen Murillo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!