'Gizonezkoen kirola' zen bola garai batean. Nolatan hasi zinen botatzen?
Ni bolazale eta tokazale amorratua nintzen, eta orain dela 12 edo 14 urte hasi nintzen. Aitarekin batera aritzen nintzen, entrenatzen eta konpetitzen. Gaztetan ere aritu nintzen tokan; bolotan ez. Aita eta anaia, tokalariak izan dira betidanik, eta ni ere aritu nintzen; Gipuzkoako Txapelketa ere irabazi nuen infantil mailan. Urrea bezala daukat gordeta txapela hori, aurrenekoa izan zen eta! Baina lanarekin eta haurrarekin, dena utzi nuen. Eta 35 bat urterekin heldu nion berriro tokari, eta bolotan ere hasi nintzen. Orain toka utzita daukat, baina berriro hasiko naiz.
Amak esaten dit, badaukazu umorea, sei t’erdietan esnatu, bolatokira joan, entrenatu eta etxera bueltatzeko, gero lanera joateko. Baina gustatzen zaidalako egiten dut, bestela ez nuke egingo.
Eta lehiatzen hasi zinen zuzenean?
Bai bai, baina gizonezkoekin, noski. Orain bai sartu direla emakume asko, eta bikoteka eta, badaude emakumeentzako txapelketak.
Zergatik ez ziren aritzen bolan, garai batean, emakumezkoak?
Lehen gizonezkoen arteko gauza bat zen. Joaten ziren sagardotegi batera, eta han bolatokia zegoen, eta apustu artean jokatzen zuten bolan. Gerora, nahiko batera hasi ginen ni eta Goierriko emakume batzuk, eta denok jarraitzen dugu. Eta orain gehiago gaude. Ni oso pozik nago, eta geroz eta emakume gehiago izatea nahi nuke. Baina ez da erraza. Esnatu zaitez sei t’erdietan, entrenatzera joateko; edo joan Gabiriara botatzera, eta bota eta etxera bueltatu. Eta gero, etxeko lanak, noski. Ez da gauza bera. Gizonezkoak zer egiten du? Bota, etxera joan, eseri… Sentitzen dut, baina hala da.
Beraz, horrek guztiak ez zion aukera ematen emakumeari, bolan aritzeko?
Ez zion aukera ematen, ez. Adibidez, nik ezagutu dudan emakume ehiztari bakarra, nire ama da. Ez zelako normala: ibiltzen baziren 100 gizon, hiru emakume ariko ziren.
Nola izan zen hasiera zuretzat? Babesa sentitu zenuen, gizonezkoen aldetik?
Bai bai, oso onarpen ona izan nuen hasieratik. Eta bestela ere, nik badaukat mingaina, moztutzeko! Beraz, horretan ez dago arazorik. Baina konfiantza haundia izan dut beti, eta aholkuak ematen zizkidaten, nora bota, zer egin… Hasieratik izan dut harreman oso ona, beraiekin.
Ez zen arraroa izan, hasieran?
Egia esan ez. Beti egon naiz giro horretan, eta oso naturala izan zen parte hartzen hastea. Gainera, Elur-Txori taldearekin hasi nintzen, eta txapelketetara denak elkarrekin joaten ginenez... Aurreneko urtea, hori bai, desastre bat! Jarri arte, ez baita erraza. Baina pixkanaka hartzen zoaz, eta duela bi edo hiru urtetik, dagoeneko taldekakoan ere botatzen dut. Eta oso ondo ari naiz. Gainera, lehen 50 bat izaten ginen botatzen, eta orain ia 100 gabiltza. Eta lehia gogorragoa da, baina politagoa ere bai.
Orain emakumeen arteko txapelketak ere jokatzen dira.
Hasieran ere jarri nahi zuten sari bat emakumeentzako, hemengo txapelketetan. Oso borondate ona izan dute gizonezkoek. Baina nik esan nien ezetz; zertarako, ni bakarrik joateko? Urte batean jarri zuten, eta ordutik ez dute jarri. Gipuzkoakoa eta Euskadikoa bai, jokatzen ditugu emakumeok. Baina gutxi izaten gara. Nik nahi dudana da, jendea sartzea eta lehia egotea. Bestela, lau bakarrik baldin bagaude, badakigu urte batean ez bada, bestean jantziko dugula txapela; baina hamabost bagara, adibidez, gauzak aldatu egiten dira. Gipuzkoako Txapelketan, sei onenak aritzen gara finalean, eta hiru edo lau onenak, Euskadikora doaz. Lehengo urtean Gipuzkoako txapeldun izan nintzen, baina ez nintzen Euskadikora joan, dagoeneko askotan izan naizelako. Eta horrela, beste batek aprobetxatu zezala ikusteko nola zen, eta pixkanaka ikasteko bolatoki desberdinetan. Hori ere bada aliziente bat.
Federaziotik ere ari dira lanean, ezta?
Bai bai! Federazioko presidentea, gainera, emakumezkoa da, Garbiñe Alustiza. Eta hori da ona! Denak gazteak dira, eta asko ari dira mugitzen. Esate baterako, festetan eta, bolatoki mugikorra eramaten dute, jendeak ikusi eta probatzeko. Ea pizten zaien bolarako gogoa. Eta horrelakoetan, emakume asko izaten dira probatzen dutenak, eta animatzen ditugu. Baina gero...
Uste duzu, bolan eta kirolean, parekidetasunera iritsi daitekeela?
Ez dut uste. Gauzak asko aldatu beharko lirateke. Hainbeste urteren ondoren, orain hasi bagara botatzen, pentsa…
Oraindik ere, gizonezkoen kirol bezala ikusten da bola?
Bai. Beti izan da hala, eta hala izaten jarraitzen du. Adibidez, txapelketen karteletan, beti gizonezkoak azaltzen dira. Ez dut inoiz ikusi emakumezkoa jarri dutenik, edo biak. Baina tira, akaso ezin da hori ere eskatu, ez da bidezkoa beharbada... Txapeletan, ordea, aldatu dute hori. Hasieran, emakumezkoentzako txapeletan ere, gizonezkoaren irudia azaltzen zen. Eta esan nien, hori ez zela posible. Eta aldatu zuten berehala. Hala ere, badakit ez dutela nahita egiten, konturatu gabe izaten dira horrelakoak.