16 urtetik gorako ereñotzuarrak deituak daude herri galdeketara

Kronika - Erredakzioa 2017ko mar. 18a, 01:00

Iritsi da herri galdeketa eguna. BagaGiltza herri plataformak pasa den udazkenean hasi zuen prozesuak bihar mugarri bat ipiniko du. Eta Ereñotzuko biztanleek aukera izango dute erabaki zen, Nahi al duzu Euskal Herria errepublika burujabea eta independente izatea?, galderari baiezkoa, ezezkoa edo boto zuria emateko.  Botoa emateko Ereñotzun erroldatua egon behar da, eta 16 urtetik gorakoa izan. 300 baino gehiago ereñotzuar daude deituak.
Ereñozun mahai bat egongoda ipinita frontoian eta Hernanin eta Astigarragan bezala goizeko 9:00etan irekiko da eta arratsaldeko 20:00etan itsiko da. Ondoren zenbatuko dira zenbat bai, ez edo boto zuri dauden.
Bozkalekura etortzeko arazoren bat izanez gero, 688694205 telefonora deitu daiteke.
BagaGiltzatik, prozesu hone­tan dagoen aniztasuna islatuko duen ariketa izatea nahi dute, guztioi irekia, bakoitzaren ideologia, hizkuntza, jatorria edo eta si­nesmena edozein delarik ere. «Hala agintzen du demokrazia parte hartzailearen filosofiak, gure batzar eratzailean aldarrikatu genuen bezala».
BagaGiltzak, Gure Esku Dago dinamikaren bultzadari jarraituz, «euskal herritarron erabakitzeko eskubidea gauzatzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Gure ustez, hori da nahi dugun etorkizuna eraiki­tzeko eta herritarroi eragiten diguten arazoak konpontzeko modurik demokratiko eta bake­tsuena».

Festa giroan, herri bazkarian, paella erraldoia prestatuko da 
Erabakitze eskubidearen festa izatea nahi dute antolatzaileek eta horretarako Ereñotzun ere Olak Auzo Elkarteak ekitaldi desberdinak antolatu dituzte. 11:00etan Apaxik ipuinak kontatuko dizkie umeei eta ordu berean txorixo pin­txoak eta sagardoa banatuko dira. 14:00etan herri bazkaria antolatu da eta bertan paella erraldoia prestatuko da. Izenik eman ez baldin bada Irrintzi tabernan ez da bazkaria bermatzen. 
Herri galdeketako azken bi orduak igarotzeko, 18:00etan, txokolatada beroaz gozatu ahalko dute ereñotzuarrek.
Behin 20:00etan frontoiko mahaia itxi eta gero boto zenbaketa hasiko da eta berehala jakingo dira Ereñotzuko emaitzak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!