Aitzakiak alde batera utzi, eta berea eman. Horixe daukate egin beharrekoa trikoloreek, Ohorezko Mailan, azkeneko bost partiduetan sartuta. Bere esku dauka Hernanik, datorren denboraldian ere, maila gorenean jarraitzea.
Ez baita nolanahikoa, falta zaizkion partiduen egutegia; azkeneko bost partidu hauetan, lau kontrario zuzen izango ditu aurrean: Gernika, Getxo, Bartzelona eta Ciencias; trikoloreekin batera, azkeneko bost postuetan dauden taldeak.
Aurrenekoa, bihar bertan, Gernikaren kontra; uholdeak tarteko atzeratuta daukaten partidua, hain justu. Eguerdiko 12:00etan jokatuko dute, Landaren. Putzu eta lokatz artean, lehia ederra izango da zelaian.
Animoa, goren-gorenean
Ez da partidu erraza izango, baina sasoi ederrean daudela erakutsi dute trikoloreek; eta zailtasunen aurrean, hazi egiten direla. Ederki hazi ere!
Aurreko asteburukoa da, adibide garbiena: Alcobendas indartsua egurtu zuen Hernanik; eta horrekin, animoa goren-gorenean dutela iritsi dira, ligako azken txanpara.
Maila hori bera erakutsiz gero, eskura izango dute trikoloreek, jaitsierako postu horiei ihes egitea. Sinistuta izango dute behintzat, edozeini irabazteko gai direla. Hurrengoa, bihar bertan izan dadila!