Eskualdeko turismoa dinamizatzeko lanean daramazki sei urte Behemendik, Eusko Jaurlaritzak eskatuta. Horren ondorioz, Donostialdeako turismo gida aurkeztu berri du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta eskualdeko sei udalerriekin elkarlanean; tartean, noski, Astigarragarekin.
Sagardoaren Lurra, Donostialdea
Gipuzkoa Turismoren barruan, San Sebastian Region marka sortu dute, eta Donostialdea izendatu dute, Sagardoaren Lurra. Era berean, Sagardoaren Lurra zortzi ataletan banatu dute: sagardogintza, sukaldaritza, ama lurra, kirola naturan, herri interesgarriak, gure herriak, etorkizuna eta zerbitzu gida.
Turismo gida bateratu hau doan eskuratu ahal izango da, Donostialdeako sei errietako informazio puntuetan eta ostatuetan.
Gida bateratu hau osatzeko, «turisten eskaerak izan dira kontuan», Ainhoa Amundarain, Behemendiko teknikariaren esanetan. Horrez gain, eskualdeko sei udaletxeetako laguntza ere baliagarria izan da; Astigarraga, Andoain, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udaletxeetakoa, alegia.
Astigarragaren kasuan, nabarmena da lurraldeko gida turistikoa osatzeko egindako eskaintza; sagardotegiak eta Sagardoetxea museoa, jatetxeak, bidegorri sarea edota oinezko bideak, Santiomendin eta Done Jakue bidean barrena.
Informazio bateratua, eskura
Eskaintza bateratua biltzen duen turismo gida hau eskuragarri dago sei herrietako informazio puntuetan eta ostatuetan.
Era beran, Sevatur azokan, Kursaalen ere egongo da bihar arte, Behemendik jarritako San Sebastian Region standean, Sagardoaren Lurra atalean.