Udala, Goizueta ez uzteko neurriak hartzen

Kronika - Erredakzioa 2017ko mar. 18a, 01:00

Goizuetak 720 biztanle ditu eta azken 45 urtetan etengabe joan da biztanleak galtzen. 1970an 1.423 bizilagun zituen udalerriak eta 2016an erdira jeitsi da. Tendentzia gainera ez da eten azken bi urteetan eta horri irtenbidea jartzeko Udalak, Etxebizitza Batzor­deko kideen laguntzarekin, etxez-etxeko galdetegia banatu zuen. Goizueta bizileku bezala nola hobetu bil­tzen du inkestak, besteak beste. 
Eta Batzordearen ondorioak nahiko gogorrak dira. «Batzuk nahiko ezkor daude (Goizuetak ez du etorkizunik esaten dute) eta seme-alabei hori trasmititzen die».
Inkestan ikusi da lanak asko eragiten duela bizilekuan eta BOE promozio batetik bestera hainbeste urte igarota belaunaldiak galtzen dira. Etorkizunean herrian bizitzea gustatuko litzaiekeela askok erantzuten badute ere, zaila ikusten dute. Batzordeko kideek galdera bat egiten dute. «Herrian lanik ez dago baina gauza asko falta direla ondorioztatzen da inkestan. Zergatik ez aukera aprobetxatu eta lana sortu?». 
Mentalitate aldaketa eman dela gizartean diote Batzor­dekoek. «Garai batean autonomo gehiago zegoen herrian eta egun, ez dugu arriskatu nahi, eroso bizi gara, besteak egiteko zain gaude...». 
Beste arazotako bat da BOEko etxe batzuk hutsak dauden bitartean beharra duten askok etxerik gabe daudela eta kanpora doaz bizitzera hemen eskaintzarik ez dutelako. 

Lana herrian sortzeko Udalak laguntza eskaintzea ikusten du
Goizuetako Udalak aurrera begira ikusten dituen pausoak honako biak dira. Bata, Goizuetan lana sortzeko laguntza eskaini beharko da: jarduerak, hitzaldiak eta formakuntzak antolatu autonomo, kooperatiban edota beste mota bateko lan gisa aritzen direnekin (esperientziak konpartitu, aholkuak eman, laguntzak lortu...). Bestea, nola hobetu Goizueta? galderan atera diren ideiak behar denarengana eta dagokion alorrera bideratu eta lantzeko aukerak aztertu. Egoera hobetzeko Udalak Nafarroako Gobernua eta Nasuvinsarekin bildu nahi du Goizuetaren egoera hau ezagutu dezaten. 

Egin daitekeenari buruz informazioa plazaratu du 
Udaletik zer egin daitekeen azaldu dute. «Etxe zaharrak berritzeko dirulaguntzak behar dira. Gero ere, etxea alokairuan jartzen dutenei ziurtasunak eman zaizkie ordainketak garaiz egingo direla edota etxea egoera onean itzuliko diela. 
Gazteei ere, etxea alokatzeko dirulaguntzak bideratu behar dira. BOE jarraipena egin behar da».
Bestetik Udalak alokatzeko edota saltzeko prest dauden etxe eta lokal jabeekin bilera egin nahi du. Etxeei eta lokalei buruzko informazioa bildu eta datuak publiko egin ditzazkegu». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!