Duela sei urte hartu zuen Behemendik eskualdeko turismoa dinamizatzeko eskaera, Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Eta orain, lan askoren ondoren aurkeztu dute Donostialdeako turismo gida.
Behemendik berak sustatu du proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiarekin daukan hitzarmenaren baitan. Donostialdea osatzen duten sei Udalen laguntza ere, ez zaie faltatu: Hernani bera, Astigarraga, Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil.
Sagardoaren Lurra, zortzi ataletan
Gipuzkoa Turismoren barruan, San Sebastian Region marka sortu dute, eta bertan, Sagardoaren Lurra deitu diote Donostialdeari. Eta horren inguruan, hain zuzen, antolatu dute gida bera.
Zortzi atal ditu gidak: Sagardogintza, sukaldaritza, Ama Lurra, Kirola naturan, Harri interesgarriak, Gure herriak, Etorkizuna eta Zerbitzu gida.
Atzo egindako aurkezpenean, Ainhoa Amundarain Behemendiko teknikariak azaldu bezala, «turisten eskaerak kontuan hartuta osatu da gida». Eta hiru ardatz aipatu zituen horretan ere: enogastronomia, sagardogintza, eta natura.
Sevatur azokan, gaurtik
Sei herritako informazio puntuetan eta ostatuetan banatzeaz gain, Kursaalen egingo den Sevatur azokan egongo da Behemendi gaurtik igandera bitarte. San Sebastian Regionen standean izango dira, Sagardoaren Lurraren mostradorean.