«Nahi al duzu Euskal Herria errepublika burujabea eta independentea izatea?». Galdera horri erantzuteko, herri kontsulta antolatu dute BagaGiltza herri plataformak eta Gure Esku Dagok iganderako.
Goizeko 09:00etatik iluntzeko 20:00ak arte izango dute bozkatzeko aukera botoa ematera deituta dauden 17.168 hernaniarrak.
Bozka aurreratua, etzira arte
Dena den, igandekoa ez da bozkatzeko izango den aukera bakarra izango, izan ere, bozka aurreratua emateko txokoak ere jarri dituzte azkeneko astean. Larunbatera arte luzatu dute aukera hori: gaur Gure Esku Dagoren lokalean izango dira 17:00etatik 19:00etara; bihar Martindegin, ordu berean; eta etzi lokalean baita ere, goizeko 11:00etatik 13:30etara.
Desgaitasunen bat daukatenek eta bozka aurreratua eman nahi dutenek, zenbaki honetara deitu behar dutela azaldu dute: 688 694 205.
Iganderako zerbitzua, ere bai
Era berean, telefono horretan baita ere, igandean bozkatzera joateko laguntza behar dutenek, zerbitzu hori eskatu ahal izango dute. Gaur eguerdira arte izango da aukera laguntza hori eskatzeko.
Pintxo pote haundiena, gaur
Bestalde, festa giroari hasiera eman nahi dio BagaGiltzak, eta horretarako, Hernaniko pintxo pote «haundiena» egingo dute gaur. Denera 21 tabernak egin dute bat ekimenarekin; beraz, 18:00etatik 21:00etara pintxoak eskainiko dituzte bertan: Haida, Apeadero, Tripontzi, Ekos, Atxur, Txili, Joxe Mari, Zintzarri, Caserio, Goiz Argi, Kixkal, Aralar, Deportibo, Bodega, Onddi, Kitto, Gunea, Zumitza, Guria, Rioja eta Garin.