Iritsi da, azkenean, Gure Esku Dago-BagaGiltza plataformak deitutako herri galdeketa eguna. Astigarragan bezala, Hernanin eta Donostialdea eta Oarsoaldeako beste hainbat herritan egingo da bihar, galdeketa. Astigarragan, 4.768 herritar daude bozkatzera deituta; bertan erroldatutako 16 urtetik gorakoak, hain zuzen.
Bi mahai
Bihar goizeko 09:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte izango da bozkatzeko aukera, bi mahaitan; Erribera Plazan, eta Pelotari kaleko 6 zenbakian, Otamendi autoeskolan.
Bozkatzeko, 16 urte edo gehiago izan behar dira, eta nortasuna, adina eta bizilekua Astigarraga dela egiaztatu beharko da. Horretarako, NANa erakutsi beharko da, eta bertan Astigarraga bizitoki bezala agertzen ez bada, errolda agiria beharko da. Espainiako estatuak herritar jotzen ez dituenen kasuan, berriz, NANaren ordez bestelako nortasun txartelen bat erakutsi beharko da, errolda agiriarekin batera.
Galdeketa, festa giroan
Herri galdeketa egunean, bozkatzeaz gain, festa giro ederraz gozatzeko aukera ere izango da, egun osoan zehar.
Emaitzak Kronikan, astelehenean
Astelehenean Kronika banatuko da Astigarragan ere, igandeko herri galdeketako emaitzen berri emateko. Ohiko lekuetan eskuratu ahal izango da.
MARTXOAK 19 - HERRI GALDEKETA EGITARAUA
09:00 Bozkatzeko mahaien irekiera; Erribera Plazan, eta Pelotari kaleko 6 zenbakian (Otamendi autoeskolan).
- Txupinazoa Joseba Barandiaran plazan.
- Txistularien diana, herrian zehar.
10:30 Bizikleta Martxa, herria esnatzeko; Joseba Barandiaran plazatik abiatuta.
11:30-13:00 Kale futbola, Joseba Barandiaran plazan.
- 4-5 urtekoak.
- 6-7urtekoak.
- 8, 9 eta 10 urtekoak.
- Opariak zozketan, bukatzeko.
12:30-14:00 Trikitilariak herrian zehar.
13:30 Aiztondo abesbatza, Joseba Barandiaran plazan.
14:00 Adierazpena, argazki erraldoia eta bertsoak, Joseba Barandiaran plazan.
17:00 Xaguxar taldearekin eskulanak eta jolasak. Ondoren, txokolatada, Erribera plazan.
17:45 Zunba saioa Erribera plazan.
18:00 Bertso saioa, Agin Laburu eta Iker Goñi bertsolariekin, Erribera plazan.
20:00 Bozkatzeko mahaien itxiera, Erribera plazan.
Garbiñe San Miguel ETB-ko kazetaria
«Orain erakutsi behar dena da, erabaki nahi dugula»
Bozkatzera animatu ditu herritarrak San Miguelek, «nahiz eta ez garbi eduki, zer».
Ilusio pixka bat nabari dela dio Garbiñe San Miguelek, biharko herri galdeketaren bueltan. «Bi alaba gazte dauzkat, eta gazte batzuen artean jendea mugitzen ari da, gertutik bizi dute. Hau, azken batean, herri txikia da. Nahiz eta haunditu den, nukleoa txikia da, eta honek gertutik ukitzen du jende asko. Egia da gero alfer xamarrak izaten garela... Baina ilusio berezi bat badago, bai!».
Anoetatik hona, bidea egiten
Antolamenduan buru-belarri sartuta ez dabilela dio San Miguelek, baina puntualki, beti babestu du Gure Esku Dago mugimendua. «Orain pare bat urte, Donostian egin zen makrofesta hartan, Anoetan izan nintzen, atxikimendua adierazteko». Eta ordutik hona, gertutik egin dio jarraipena.
Izan ere, horixe da garrantzitsua, San Miguelen ustetan; bidea egitea. «Erabakiorra ez da izango galdeketa, baina bide bat irekiko du; bidea egiteko hasi egin behar da, eta ez bagara gu hasten...».
«Izan gaitezen erabakitzen duen herria»
Bide horretan, hain zuzen, emaitza da gutxien kezkatzen duena. «Nahiz eta ez garbi eduki zer; baiezkoa, ezezkoa edo zuria; bozkatzea da inportantea. Orain erakutsi behar duguna da, erabaki nahi dugula, erabakitzeko ahalmena izan nahi dugula. Izan gaitezen erabakitzen duen herria. Hori da oinarria; aukera edukitzea, gaur egun ukatzen zaiguna».
Era berean, «galdeketaren aurreko eguna eta hurrena, berdinak» izango direla dio; «ez da ezer aldatuko. Baina gauzak mahai gainean jartzeko balioko du. Beste lekuetan egin dute, eta, zergatik ez, Euskal Herrian?».
Maite Olaziregi Herri Eskolako irakaslea
«Gure atzetik datozenei zor diegu herri libre bat»
«Denen iritziek lekua daukate» Olaziregiren ustez, eta, beraz, parte hartzera deitu du.
‘Har dezagun bidea, gure esku dago (e)ta. Jende zoriontsua, herri libre batean’; kantua entzun bezain pronto konbentzituta geratu zen Maite Olaziregi. «Horrek laburbiltzen du nere pentsamendua», azaldu du. Gazta zati bat dokumentala ikustean, herri ekimena martxan jarri behar zela argi ikusi zuen, eta lortu dela dio. «Zaila da jendea elkartzea, baina herrian lortu da, eremu desberdinetakoak elkartzea. Herriaren ahotsa entzuteko garaia da».
Oinarria jartzera
Galdeketa ofiziala ez izan arren, «egin beharrekoa» dela dio. «Gaurko erabakia ez da epe motxerako izango. Gure atzetik datozenei zor diegu herri libre bat, gurea dena. Gure erabakitzeko modu bat da, denentzako zilegitasun guztiarekin. Ez da ofiziala, baina egin behar da. Gutxienez, jakingo dugu herriak zer nahi duen, eta horrek zer pentsatua eta lanerako oinarria emango die alderi eta instituzioei».
«Bozkatzera datorrenak ematen dio zilegitasuna»
Kezka sortu dezakeen bakarra, Olaziregiren ustez da, parte-hartze maila. «Filosofia horretan denbora gutxi daramakigu, eta badago beldurra, parte-hartze txikiarena. Baina bozkatzera datorrenak ematen dio zilegitasuna galdeketari. Orain etortzen direnek izango dute aukera, eta hurrengoan, gehiago izango dira».
Ofizialtasun faltak eragina izan dezakeela uste du, baina horrek ez dio garrantzia kentzen galdeketari; «hauteskundeetan bozkatzea ez da nahikoa. Jendeak aldarrikatu behar du nahi duena, eta denen iritziek lekua daukate. Ofizialtasunera iristeko, berriz, pixkanaka joan behar da; Everest igotzeko, aurrena Txindoki igo!
Leire Mendioroz kiroldegiko arduraduna
«Desilusiorik ez; aukera bat da, gure nahiak agertzeko»
Aldez aurretik bozkatu du Mendiorozek; parte hartzera animatu ditu herritarrak.
Azken egunetan sare sozialei begira aritu da Leire Mendioroz, Kirol instalazioetako arduraduna, eta nabaritu du ezagun dezentek erakutsi diola babesa Gure Esku Dagok antolatutako herri galdeketari. «Ni ez naiz oso sartuta ibili, baina guztiz babesten dut. Oso aproposa iruditzen zait herrian bertan erabakitzeko eskubidea izatea. Herrian lortu daitezkeen gauza asko lortze aldera eragin haundiagoa izan dezake».
Partu hartu ezean, «zentzurik ez»
Horregatik, parte hartzera animatu ditu herritarrak. «Azken batean, hain zuzen gure esku dagoen zerbait da. Guk parte hartzen ez badugu, ez dauka zentzurik. Herriak zer nahi duen entzuteko modu bat da, eta horren alde borrokatzekoa».
Mendiorozek aurretik bozkatzeko aukera aprobetxatu du, eta eskerrak eman ditu. «Askok parte hartuz gero, benetan herriaren nahia zein den entzungo da».
«Baliagarria»
Hauteskundeetan bezala, «emaitza edozein izanda ere, desilusiorik ez» duela jasoko dio Mendiorozek. «Aukera bat da gure nahiak agertzeko, eta baliagarria izango da, horrrekin politikoek zeregina izango dutelako, beste edozein galdeketatan bezala».
Antxon Getaria Ikatzako tabernaria
«Herri galdeketa zenbat eta toki gehiagotan egin, hobe»
Mugimendu pixka bat sortu dela iruditu zaio Antxon Getariari, galdeketaren bueltan.
Jende askok uste du alferrikakoa dela herri galdeketa. Hori nabaritu du, behinik behin, Ikatza tabernako Antxon Getariak. Baina berak argi dauka baietz, baliagarria dela. «Ez badugu ezer egiten, orduan bai, ez dugula ezer lortuko!».
Azken urteetan, lehendik nahikoa saltsatan ibilita, ez da mugimendu askoren bueltan ibili, baina galdeketak konbentzitu du, eta gainontzeko herritarrak animatu nahi ditu parte hartzera.
«Garrantzitsua da, hartu-emanak hobetzeko»
Antxon Getariaren ustez, «herri galdeketa zenbat eta toki gehiagotan egin, hobe. Beti da ona jakitea, beste herrietan ere zer pentsatzen duten. Garrantzitsua da, eta pozgarria, hartu-emanak hobetzeko eta gainerakoak nola dauden ikusteko. Gauza guztietan bezala, zenbat eta jende gehiagok parte hartu, hobe. Ni joango naiz bozkatzera, seguru!».
«Beti aurrera»
Kartelak jartzean, edota taberna giroan, Getariak entzun ditu herritarrak, galdeketaren inguruan hizketan, eta denetik dagoela iruditzen zaio. «Horregatik, ez da desanimatu behar», dio. «Emaitzak, denean bezala, ezin dira izan beti norberaren gustokoak. Landu egin behar dira, alderdi politikoek bezala. Beti aurrera egin behar da!».