Bi zati oso desberdin izan zituen Mundarrok larunbatean Urnietan jokatutako partiduak. Aurreneko zatian astigartarrak galdu xamar ibili ziren, eta urnietarrak aurreratu ziren markagailuan. Bigarrenean, ordea, esnatu eta berdinketa lortu zuten.
Erdipurdiko norgehiagoka
Zuzeneko aurkaria zen Urnieta Astigarragarentzat; izan ere, 11 eta 12garren postuetan daude sailkatuta bi taldeak, hurrenez hurren. Eta horrela bukatu zen partidua; bana berdinduta.
Hala ere, aurreneko zatia nahiko kaxkarra izan zen moreentzat. Ez zuten asmatzen, eta urnietarrek aprobetxatu zuten gola egiteko. Baina etxekoak ere ez ziren fin ibili, eta ez zuten asmatu abantaila haunditzen.
Horrela, bigarren zatian astigartarrak esnatuago zelairatu ziren. Baloiaren jabe egin ziren, nahiz eta urnietarrek aukera gehiago sortu. Baina atezainak lan bikaina egin zuen, eta astigartarrek eutsi egin zioten. Azken minutuan lortu zuen Ivanek berdinketa emango zien gola, Andoniren erdiraketari jarraipena emanez.
Santo Tomas, hurrena
Puntua etxeratuta, jokoa findu eta Santo Tomasi irabaztea izango du Mundarrok helburu, datorren asteburuan, etxean.