Korrikari behar bezalako ongietorria egiteko prestaketa lanak hasiak dira Astigarragan; larunbatean Korrika Eguna antolatu zuten, eta herria apaintzeko muralak egiteaz gain, sagardo eta pintxo dastaketa, Aiztondo abesbatzaren emanaldia, bertso-afaria eta beste hainbat ekitaldi izan ziren.
Hurrengo zita, berriz, ostiral honetan jarri dute, Urnietan, eta Astigarragatik bertan ere parte hartzeko deia egin dute.
Diru bilketa eta ikuskizuna
Urnietan, ostiral arratsaldez egingo da festa; Zubitxo plazan postuak jarriko dira, Korrikako arropa erosteko, Korrika laguntzaile egiteko eta diruz laguntzeko.
Ondoren, 18:00etan, Egape dantza taldeak Korrikako kantuarekin egindako koreografia dantzatuko du, eta 19:00etan Xilipurdi taldeak Salam ikuskizuna emango du.
Kilometroak, eskura
Bestalde, oraindik bada aukera, kilometroak erosteko.