Urtebete pasa da Europar Batasunak Turkiarekin akordioa sinatu zuenetik, errefuxiatuen etorrera gerarazteko, eta horren harira, dokumentala jarriko da ostiralean, Javi Julio kazetari eta argazkilariak egina, Greziako Chios irlan dauden errefuxiatuen egoeraren berri emateko.
Arratsaldeko 19:30etan jarriko da kultur etxean, Wait, Just Wait dokumentala, eta segidan, solasaldia izango da Julio berarekin eta salbamendu lanetan edota herri mugimenduetan dabiltzan hainbat kiderekin.
Salaketa
Jatorrizko herrialdetik ihesean Greziara iritsitako errefuxiatu siriar, kurdu edota afganistandarren bizipenak biltzen dira dokumentalean, eta era berean, kanpamenduetan dauzkaten bizi-baldintzen gogortasuna salatzen dute Zaporeak eta Itsas Salbamendu Humanitarioko (SMH) kideek.