Igande honetan, martxoak 19 egingo du Gure Esku Dago-BagaGiltza plataformak herri galdeketa; astigartarrek aukera izango dute baiezko, ezezko edo boto zuria emateko. Hori bai, ezinbestekoa da NANak zehazten duen bizitokia ‘Astigarraga’ izatea; «herritar berriak badira, eta NANa aldatu ez badute, ezinbestekoa izango da Udalean errolda agiria eskatzea; ostiralera arteko epea dago», azaldu dute. Berdin, gaur, bihar edo etzi aurretik bozkatu nahi dutenen kasuan ere.
Santiomendin, erdigunean eta Martindegin, aurretik
Gaur, bihar eta etzi, oraindik izango da aukera, galdeketa eguna baino lehen bozkatzeko.
Gaur, 17:30etatik 19:30etara, Santiomendin, Plazetxen jarriko da botoak jasotzeko kutxa. Bihar, 18:00etatik 20:00etara, Pelotari kalean, Otamendi autoeskolan. Azkenik, ostiralean, 17:00etatik 19:00etara, Martindegi auzoan.
Igandean, bi gune
Bozkatzeko egun ofiziala, berriz, martxoaren 19a, igandea izango da; 16 urtetik gorako astigartarrek, edo herrian erroldatutakoek bozkatu ahal izango dute, 09:00etatik 20:00etara Erribera Plazan edo Pelotari kalean (Otamendi autoeskolan) jarriko diren hautetsontzietan.
Horrez gain, festa eguna izango da; txupinazoa eta diana, bizikleta martxa, kale futbola, trikitilariak, Aiztondo abesbatza, sagardoa, hitzaldia, bertsolariak, zunba saioa... Denetik izango da.
EH Bilduk ere babesa, herri galdeketari
Ostiral iluntzean argazkia atera zuten Astigarragako EH Bilduko lehengo eta egungo hautetsiek, Gure Esku Dagok martxoaren 19rako antolatutako herri galdeketari babesa adierazteko, eta era berean, baietzaren aldeko botoa eskatzeko.